HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 12

Aldi hartan, Jesus Sikar deritzan Samariako hirira iritsi zen, Jakobek bere seme Joseri ondaretzat emandako lur-sail ondora. Han zegoen Jakoben putzua. Jesus, bideaz nekaturik, putzu-ertzean eseri zen. Eguerdi ingurua zen. Ikasleak hirira joanak ziren, jatekoak erostera. Horretan, Samariako emakume bat etorri zen putzura ur bila, eta Jesusek esan zion: «Emadazu edaten». Samariar emakumeak esan zion: «Nola zuk, judu izanik, eskatzen didazu edatekoa niri, samariar naizen honi?» (Jakin behar da, juduek eta samariarrek ez dutela elkarrekin harremanik). Jesusek erantzun zion: «Jainkoaren dohaina zein den eta edatekoa nork eskatzen dizun jakingo bazenu, zeuk eskatuko zenioke berari, eta hark ur bizia emango lizuke». Emakumeak esan zion: «Jauna, ez duzu ura zerekin atera, eta putzua sakona da; nondik atera behar duzu ur bizi hori? Gure aita Jakobek eman zigun putzu hau eta hemendik edan zuten berak, bere seme-alabek eta abereek. Hura baino handiagoa al zara Zu?» Jesusek erantzun zion: «Ur honetatik edaten duena, berriz ere egarritu egiten da; Nik emandako uretatik edaten duena, ordea, ez da sekula egarrituko; zeren Nik emango diodan ura, betiko bizia darion iturburu bihurtuko baitzaio barruan». Orduan, emakumeak: «Jauna, emadazu ur horretatik, berriro egarri ez nadin, eta hona ur bila etorri beharrik izan ez dezadan». Jesusek esan zion: «Zoaz, deitu zeure senarrari eta itzuli hona». Emakumeak erantzun zion: «Ez dut senarrik». Eta Jesusek: «Ongi esan duzu ez duzula senarrik; bost izan dituzu, eta oraingoa ez duzu senarra; horretan egia diozu». Emakumeak esan zion: «Jauna, profeta zarela ikusten dut. Gure gurasoek mendi honetan adoratu zuten Jainkoa; zuek, juduok, berriz, Jerusalemen adoratu behar dela diozue». Jesusek erantzun zion: «Sinets iezadazu, emakume: badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita adoratuko ez duzuena. Zuek ez dakizue zer adoratzen duzuen; guk badakigu zer adoratzen dugun, salbamena juduongandik baitator. Baina badator ordua –hobeto esan, iritsia da–, egiazko adoratzaileek Aita espirituz eta egiaz adoratuko dutena. Izan ere, Aitak honelako adoratzaileak nahi ditu. Jainkoa Espiritu da, eta hura adoratzen dutenek espirituz eta egiaz adoratu behar dute».

Emakumeak esan zion: «Badakit Mesias, Kristo alegia, etortzekoa dela, eta hark, etortzean, gauza guztiak agertuko dizkigula». Eta Jesusek: «Neu nauzu, zurekin hizketan ari naizen hauxe». Une hartan etorri ziren ikasleak eta harritu egin ziren emakume batekin hizketan ari zelako. Hala ere, ez zion inork galdetu zer nahi zuen edo zertaz ari zen emakumearekin. Emakumeak ur-ontzia han utzi, hirira joan eta jendeari esan zion: «Zatozte egin dudan guztia esan didan gizona ikustera. Ez ote da bera Mesias?» Jendea hiritik atera eta Jesusengana joan zen. Bitartean, ikasleak arrenka ari zitzaizkion: «Maisu, jan ezazu!» Baina hark esan zien: «Badut Nik zuek ez dakizuen beste janari bat». Ikasleek galdetu zioten elkarri: «Norbaitek ekarri ote dio, bada, jatekorik?». Jesusek esan zien: «Nire janaria bidali nauenaren nahia egitea da eta haren salbamen-egintza burutzea. Ez al duzue esaten zuek: “Lau hilabete barru uztaroa dugu?” Horra, bada, Nik esan: Jaso begiak eta ikusi gari-soroak, uztarako horituak. Eta dagoeneko ari da igitaria lansaria hartzen eta betiko bizirako fruitua biltzen, nola ereilea hala igitaria, biak poztu daitezen. Honetan bai betetzen dela esaera: “Batek erein, bestek uzta bildu”. Zeuek landu ez duzuena biltzera bidali zaituztet Nik; beste batzuek egin dute lana eta zuek jasotzen duzue haien lanaren saria».

Hiri hartako samariar askok sinetsi zuten Jesusengan emakumeak egindako aitormenagatik: «Egin dudan guztia esan dit». Samariarrek, Jesusengana etorri zirenean, beraiekin gelditzeko eskatu zioten, eta bi egunez egon zen han. Jesusen hitza entzutean, askoz gehiagok sinetsi zuten. Eta emakumeari esaten zioten: «Orain ez dugu zure esanagatik sinesten; geuk entzun diogu, eta badakigu hau dela egiaz munduaren Salbatzailea».

Joan 4, 5-42.

Pasarte honetan, Jesus eta emakume samariarraren artean prozesu polit bat ematen da. Testuinguru hura kontuan hartzen badugu, hasieratik Jesusen jarrera harrigarria da. Bere garaiko hainbat araurekin puskatzen du. Jesusek errespetua, gertutasuna eta konfiantza eskaintzen dizkio, adibidez, emakumeari ura eskatuz. Galderak eginez,  emakume samariarrari bere egia eta bizitzarekin konektatzen laguntzen dio, bere egarririk sakonena, zentzu-egarria, bizi-egarria aurkitu daitekeen lekura eramaten du presarik gabe, pazientzia osoaz emakumearen erritmoa sakonki errespetatuz. Topaketa honen prozesu bukaeran uler dezake Jesusen errebelazioa eta ur bizia bezala senti dezake, bere egarria baretu dezakeen bakarra dela deskubritzen du.

Zeren egarri naiz ni? Zer uren bila nabil?

Zatoz nirekin, Jesus, nire putzu sakonean benetako egarria senti dezadan eta horrela, bihotzez erregutu ahal izateko: “Emadazu zure ur bizia!”

Eta beharrezkoa bada, gure gizartean zapaltzen diren hainbat arau apurtzeko ausardia izan dezadala, beharra duenarengana gerturatu eta zuk eskaintzen duzun ur biziaren berri ona esperimenta dezan.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude