HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 11

Aldi hartan, zergalariak eta bekatariak hurbildu ohi zitzaizkion Jesusi, hari entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean ari ziren, zera esanez: «Honek ongi hartzen ditu bekatariak, eta jan ere egiten du haiekin». Orduan, parabola hau esan zien Jesusek: «Gizon batek bi seme zituen. Gazteenak esan zion aitari: “Aita, emadazu dagokidan senipartea”. Eta aitak ondasunak banatu zizkien. Handik egun gutxira, seme gazteena, zituen guztiak bildurik, urrutiko herrialde batera joan zen eta han, lasaikerian biziz, ondasun guztiak jan zituen. Dena xahutu zuenean, gosete handia sortu zen herrialde hartan eta beharra sentitzen hasi zen. Orduan, herrialde hartako gizon batengana joan eta haren morroi jarri zen, eta hark bere sailetara bidali zuen txerrizain. Txerrien janari zen ezkurrez sabela betetzeko gogoak ematen zion, ez baitzion inork jaten ematen. Orduan, bere baitara itzulirik, hau esan zuen: “Hamaika langile bada nire aitarenean, nahikoa ogi dutela, eta ni hemen goseak hiltzen! Jaiki, aitarengana joan eta honela esango diot: Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure aurka. Ez dut gehiago seme izena merezi. Har nazazu zeure langileetako bat bezala”. Eta jaiki eta aitarengana abiatu zen. Artean urruti zegoela, ikusi zuen aitak eta erruki izan zuen eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi zitzaion. Semeak esan zion: “Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure aurka. Ez dut gehiago seme izena merezi…”.

Aitak, ordea, esan zien morroiei: “Atera berehala soinekorik ederrena eta jantzi iezaiozue; ipini eraztuna eskuan eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizendua eta hil; egin dezagun festa-otordua, nire seme hau hila baitzegoen eta berriz bizi da, galdua zegoen eta aurkitu egin dugu”. Eta festa hasi zuten. Seme zaharrena soroan zen. Etxera hurbiltzean, soinua eta dantzak sumatu zituen eta, morroi bati deiturik, zer gertatzen zen galdetu zion. Morroiak erantzun: “Zure anaia etorri da eta zuen aitak zekor gizendua hiltzeko agindu du, semea onik bereganatu duelako”. Seme zaharrena biziki haserretu zen, eta ez zuen sartu nahi. Atera zen aita eta erreguka hasi zitzaion. Baina hark erantzun zion aitari: “Hainbeste urte da zure zerbitzuan nagoela, zure agindurik behin ere huts egin gabe, eta ez didazu sekula antxume bat ere eman lagun artean jateko, eta horrako zure seme hori, emagalduekin zure ondasunak jan dituen hori, etorri denean, zekor gizendua hil diozu”. Aitak erantzun zion: “Seme, zu beti nirekin zaude, eta nirea den guztia zeurea duzu. Baina egoki zen festa egitea eta poztea, zure anaia hau hila baitzegoen eta berriz bizi da, galdua zegoen eta aurkitu egin dugu”».

Lukas 15, 1-3. 11-32.

Ebanjelio pasarte honetan pertsonaia ugari agertzen dira. Aita eta bi semeak ez ezik, aitari obeditzen dioten eta seme nagusiari erantzuten dioten morroiak daude. Eta Jesusek berak entzule talde handi bati kontatzen dio parabola, horien artean farisauak, lege-maisuak, zergalariak eta bekatariak daudelarik.

Parabolan agertzen den aitaren hitzek maitasuna, barkamena eta errukia islatzen dituzte. Bere seme galduarekin topo egitearen poza biziki azaltzen du. Aita horrek ere seme zaharrenaren erreakzioa ikusi eta entzutean,  semeak adierazten duen haserrearen aurrean, berarengana gerturatu eta maitasun osoa eskaintzen dio.

Pasarte hau berrirakurri eta pertsonaia bakoitzak nola erreakzionatzen duen hautematen saia naiteke. Norekin identifikatzen naiz?

Jainko Aita-Ama, zure barkamenak eta maitasunak eraldatu eta bihurtu nazatela zuregana.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude