HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 10

Aldi hartan, Jesusek esan zien apaizburu eta herriko zaharrei: «Entzun parabola hau: Behin batean, nagusi batek mahastia landatu zuen eta hesiz inguratu; bertan dolarea egin eta dorrea eraiki zuen; gero, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen. Mahatsa biltzeko garaia iritsi zenean, bere morroiak bidali zituen nekazariengana, fruitutik zegokion partea jasotzera. Nekazariek, ordea, morroiei heldu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu egin zituzten. Berriro beste morroi batzuk bidali zituen, aurrekoan baino gehiago, eta haiei ere beste hainbeste egin zieten. Azkenean, bere semea bidali zien, bere baitarako esanez: “Izango diote begirune nire semeari”. Nekazariek, ordea, semea ikustean, esan zioten elkarri: “Oinordekoa duk. Hil dezagun eta guretzat izango duk ondarea”. Heldu zioten, mahastitik kanpora bota eta hil egin zuten». Jesusek galdetu zien: «Zer egingo die nekazari horiei mahasti-jabeak, itzultzean?». Hau erantzun zioten: «Errukirik gabe hilko ditu, eta bere garaian fruitua emango dioten beste nekazari batzuei utziko die mahastia». Jesusek galdera hau egin zien: «Ez al duzue Liburu Santuan behin ere irakurri: “Etxegileek baztertutako harria giltzarri gertatu da. Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri?”

Horregatik diotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta fruitua aterako dion herri bati emango zaio». Parabola hauek entzutean, Jesus beraiez ari zela jabetu ziren apaizburu eta fariseuak, eta hura atxilotu nahian zebiltzan; baina jendearen beldur ziren, denek profetatzat baitzeukaten.

Mateo 21, 34-43. 45-46.

Zein arriskutsua den mahastiaren jabe garela pentsatzea! Zenbat hilketa, bidegabekeria egin diren horregatik! Ez zen giltzarria zen Semea bakarrik hil. Historian zehar, asko  eta asko erailak izan dira eta izaten jarraitzen dute, batzuek “mahastiaren” jabe direla uste dutelako.

Gaur egun, gure ingurua ikusi besterik ez dugu dirua pertsonen aurretik dagoela konturatzeko. Ez du axola zer gertatzen den pertsonekin, horrek diru gehiago irabazteko aukera ematen badu. Hiltzen duen ekonomia batekin aurkitzen ari gara.

Gure bizitzako beste alor batean ere, erailketa fisikora iritsi gabe,  guk ere gauza bera egin dezakegu: gure iritzia edo sinesmena egia balitz bezala defendatu eta desberdin pentsatzen edo sinesten duena, desberdin jokatzen duena, deuseztatu.

Jesus Jauna, Zu zara Egia, denari eusten dion giltzarria, niri eusten nauzuna. Arren, zu sakon entzuten eta zure Espirituak eramaten lagun nazazu.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (2 oihartzun daude)
L

2 Comments

  1. Avatar

    Niri eusten nauzuna…

  2. Avatar

    Niri eusten didazu. Jesus jauna, zu zara Egia eta Hitza.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude