HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 9

Aldi hartan, honela mintzatu zitzaien Jesus fariseuei: «Bazen gizon aberats bat, purpuraz eta liho finez jantzi eta egunero festa ederrak egiten zituena. Lazaro izeneko eskale bat, berriz, aberatsaren etxe-atarian etzanda egoten zen, zauriz josia; gogotsu jango zukeen aberatsaren mahaitik erortzen zena. Txakurrek berek ere etorri eta zauriak milikatzen zizkioten. Honetan, hil zen eskalea, eta aingeruek Abrahamen altzora eraman zuten. Hil zen aberatsa ere, eta ehortzi egin zuten. Hilen Egoitzan oinazetan zegoelarik, begiak jaso eta Abraham ikusi zuen urrutian eta Lazaro haren altzoan, eta deiadarka esan zuen: “Aita Abraham, erruki zakizkit! Bidal ezazu Lazaro atzamar muturra uretan busti eta niri mihia freskatzera, oinaze gorrian bainago sugar hauetan”. Baina Abrahamek erantzun zion: “Seme, oroit zaitez zuk zorion franko izan zenuela bizitzan; Lazarok, berriz, zorigaitzak; horregatik, orain hark atsegina aurkitu du hemen, eta zuk oinazeak. Gainera, gure eta zuen artean leize handia dago, eta nahita ere ezin da inor hemendik zuengana igaro, ezta hortik guregana ere”. Aberatsak berriro: “Orduan, aita Abraham, bidal ezazu, arren, Lazaro gure aitaren etxera, bost anaia baditut eta; jar ditzala jakinaren gainean, eurak ere oinaze-leku honetara etor ez daitezen”. Abrahamek erantzun zion: “Hor dituzte Moises eta profetak; entzun diezaietela”. Hark berriro: “Ez, aita Abraham; hildakoren bat joaten bazaie, orduan bai bihotzberrituko direla”. Baina Abrahamek erantzun zion: “Moisesi eta profetei entzuten ez badiete, ez dute sinetsiko ezta hildako bat piztuta ere”».

Lukas 16, 19-31.

“Gainera, gure eta zuen artean leize handia dago, eta nahita ere ezin da inor hemendik zuengana igaro, ezta hortik gugana ere”. 

Epulon zenaren eta Lazaro gizajoaren artean zabaltzen den leize/amildegi handi horren irudia oso adierazkorra da. Gure anai-arreben aurkako axolagabekeria eta bidegabekeria egoerak sortzen eta sostengatzen ditugunean, leize izugarriak sortzen ditugu. Jesusek ez du ondasunen jabetza epaitzen, baizik eta hurkoaren minaren eta beharraren aurrean adiskidetasun eta errukirik eza.

Jesus Jauna, emadazu argia gure bizitzan sortutako amildegiak zeintzuk diren identifikatu eta hori ezabatzeko zer egin dezakedan pentsatzeko. Jakin dezadala jarrera horiekin min egin diodanari barkamena eskatzen.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude