HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 8

Aldi hartan, Jesusek, Jerusalemera igotzen ari zela, hamabi ikasleak aparte hartu eta hau esan zien bidean: «Begira, Jerusalemera igotzen ari gara eta Gizonaren Semea apaizburuen eta lege-maisuen esku utziko dute, heriotzara kondenatuko dute eta atzerritarren esku utziko, iseka egin diezaioten, zigorkatu eta gurutziltza dezaten; baina hirugarren egunean piztu egingo da». Orduan, Zebedeoren ama hurbildu zitzaion Jesusi bere semeekin eta aurrean ahuspeztu, eskari bat egiteko. Jesusek galdetu zion: «Zer nahi duzu?» Eta hark: «Agindu ezazu nire bi seme hauek, zu errege izatean, eser daitezela bata zure eskuinean eta bestea zure ezkerrean». Eta Jesusek: «Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gauza al zarete Nik edan behar dudan kalizatik edateko?» «Bai, gauza gara!» erantzun zioten. Jesusek orduan: «Nire kalizatik edan, bai, edango duzue; baina nire ezker-eskuin esertze hori, ez dago nire esku inori ematea; nire Aitak norentzat prestatua duen, hari emango zaio». Beste hamarrak, hori entzutean, biziki haserretu ziren bi anaiekin. Baina Jesusek dei egin eta honela esan zien: «Badakizue herrietako agintariek menpean hartzen dituztela herriak, eta handikiek beren agintea ezartzen dietela. Ez bedi izan horrela zuen artean; baizik eta zuen artean handi izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi zuen morroi. Gizonaren Semea ere ez baita etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, eta bere bizia guztien ordainsari ematera».

Mateo 20, 17-28.

Zerbitzatzea, bizitzan kokatzeko modu ebanjelikoaren hitz handienetako bat da. Hitz handi horiekin askotan gertatzen den bezala, oso hitz manipulatua eta desitxuratua izan daiteke. Izan ere, “zerbitzatzea” ez da edozer gauza, eta ez da erraza.

Zer esan nahi du zerbitzatzeak Jesusen ikuspegitik?  Zerbitzariak uko egiten diola bere protagonismoari beste pertsonen alde, haien beharren alde. Zerbitzaria ezin da inoiz protagonista izan: kontraesankorra izango litzateke. Zerbitzatzeak kontenplazioa, sakon entzutea, arreta, sentsibilitate berezia eskatzen du.  Zerbitzatzeak hainbat egoeratan  prestasuna, sormena eskatzen du.

Bestalde, ebanjelioko pasarte honetako zebedeotarren ama, Santiago eta Joanen jarrerarekin identifikatu gaitezke. Hauek ez dute ulertu oraindik Jesusen mezua eta jarrera. Beren “munduan” daude, planak eginez, beraien itxaropena Jesusengandik urrun dauden gauzetan jarriz.

Jesus Jauna, lagun iezaguzu zure hitzak ulertzen, gure logikak alde batean uzten gauza guztietan Zu maitatu eta zerbitzatzeko.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude