HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 7

Aldi hartan, honela mintzatu zitzaien Jesus jendetzari eta ikasleei: «Lege-maisuek eta fariseuek Moisesen irakatsiak adierazteko eginkizuna dute. Saia zaitezte, beraz, haiek esaten dizueten guztia betetzen; baina ez egin egiten dutena; esan, esaten baitute, baina egiten ez. Zama astunak eta eraman ezinezkoak lotzen dituzte, eta besteei leporatzen; baina beraiek ez dute atzamar bat ere mugitu nahi. Egiten duten guztia, jendeak ikusteagatik egiten dute; larrutxa zabalak erabiltzen dituzte bekokian, eta borlatxo deigarriak mantu barrenean. Jai-otorduetan mahaiburuak, eta sinagogetan lehen aulkiak gogoko dituzte, plazetan jendeak agur egitea eta denek “maisu” deitzea. Zuek, ordea, ez utzi inori zuei “maisu” deitzen, bat bakarra baita zuen maisua, eta zuek guztiok elkarren senide bait-zarete. Eta ez deitu lurrean inori “aita”, bakarra baita zuen Aita, zerukoa. Eta ez utzi “gidari” deitzen ere, bat bakarra baita zuen gidaria, Kristo. Zuetako handiena izan bedi zuen zerbitzari. Bere burua goratzen duena beheratu egingo du Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena goratu».

Mateo 23, 1-12.

Gaurko ebanjelioak kristauoi birkokatzen lagun gaitzake. Gure fede bizipena eta  Jesusen Berri Ona hitzez baino jarreren bidez iragartzea hobeto helaraz dezakegu. Bizitza espirituala sinesmenetan, sakramentu-bizitzan, otoitzetan “konplitzea” bakarrik datzala uste badugu, lege maisu eta fariseuen tentaldi berberean erortzeko arriskua dugu. Gure elizan, leku desberdinetan, jarrera desberdinak identifika ditzakegu. Askotan, hitza alde batetik doa eta ekintza bestetik. Zorionez, guretzat erreferente, eredu diren pertsonak baditugu eta zein ona den hori baloratu eta eskertzea.

Hala ere, Jesusengan arreta osoa jartzen badugu, zorionez eta askatasunez beteko gaituena aurki dezakegu.

Zugan jarri nahi ditut begiak, Jesus Jauna, nola bizi ikasteko. Konfiantza zuregan jarri nahi dut, Zuk baituzu nire bizitzan modu egokian eragiteko ahalmena. Erakuts iezadazu maitatzen, zerbitzatzen, zure Berri Ona koherentziaz iragartzen.

Pakea Murua

 

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude