HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMartxoak 6
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Izan zaitezte errukiorrak, zuen Aita errukiorra den bezala. Ez gaitzetsi inor eta Jainkoak ere ez zaituzte gaitzetsiko; ez kondenatu inor eta Jainkoak ere ez zaituzte kondenatuko; barkatu, eta Jainkoak ere barkatuko dizue; eman, eta emango dizue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emango dizue altzora. Izan ere, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaituzte Jainkoak».
Lukas 6, 36-38.
“Izan zaitezte errukiorrak, zuen Aita errukiorra den bezala”. Jesusen hitza eta agindua gure onerako guztiz beharrezkoak eta ezinbestekoak dira. Bere gonbidapena oso argia da: Besteekiko epaiketa bertan behera uztea.
Gure besteekiko epaiketek eta hitzek botere handia dute. Horiekin, besteak suntsitu edo eraiki, sendatu edo kaltetu ditzakegu, batzuetan zauri sakonak eraginez.
Geure burua erabat ontzat jotzen dugunean, arriskuan jar gaitezke: Besteak gutxiestea, besteen akatsak erraz ikusi eta aurkitzea, baina norberarenak ez ikustea.
Jainko Aita-Amaren begirada errukiorra da, gaitzespenek eta kondenek ez dute lekurik. Jesusek gogorazten digu neurtzen dugun neurriaz neurtuak izango garela. Berak gugan konfiantza du, bere neurriaren antzera, begirada eskuzabala, betea, indarberritua, maitasunez gainezka dagoena eskainiko dugula. Eska diezaiogun Jaunari horrela izan dadin.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Oso hitz beharrezkoak, batez ere garai hauetan. Errukia eta eskua beti zabalik. Eskerrik asko.