Iparra galtzea erraza da

2023 Mar 6

Iparra galtzea erraza da, nahiz eta argi izan, behin eta berriro berretsia izan delako, berretsi izan duzulako, hori dela osotasunera eramaten zaituena, eta osotasun horretan bizitzeak ematen diola zentzua bizitzari, zureari behintzat.

Batzuetan, egunerokotasuneko urgentziek gal gaitzakete. Puntu batetik bestera korrika batean, zentzua duen edo ez hausnartu gabe, premiek (norenak diren ere jakin gabe, edo norbaitenak direlakoan) eramanda.

Bestetan, osotasun sentsazioa berreskuratu nahi horretan egondako leku berera ezin garelako bueltatu: lehen erabilitako bitartekariek dagoeneko ez dutelako balio; edota gu geu aldatzen goazelako eta eraldaketa horretan zaharkituta geratu zaizkigulako.

Horrelakoetan, noraezean aurki gaitezke, nondik jo ez dakigula, norengana jo ez dakigula. Batzuetan, bakardade handiko uneak dira. Ibili gabeko bideak topatzea eska diezaguke, edota inon jasoak izan ez diren bitartekariak beharko ditugu. Maparik gabe, ibiliaren ibiliaz egiten joango garena.

Egoera horietan arriskua ere badago. Malenkoniak harrapatzen bagaitu, atzera-buelta egiteko tentaldia izan dezakegu. Eta bueltatuko bagina, berriro ere, gutxira, konturatuko ginateke zergatik utzi genuen alde batera, zergatik eman genuen generaman bidetik bananduko gintuen urrats hura.

Nola ekin, orduan, bilaketari, jakin badakizunean, zalantzarik gabe, tarteka topatutako hura Egia zela? Egia hori jasotzen zuten hitzek, bizi esperientzia izatera eraman zintuzten bitartekariak ere agian dagoeneko ez dute balio. Dena zalantzan jarri behar da? Bizipena izan ezik? Agian bizipena iparrorratz bihurtu eta saiakera berriekin hasi behar da.

Bada goazen, lehen urratsak ematera. Isiltasuna egin, hustu eta….

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude