HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 5

Aldi hartan, hartu zituen Jesusek berekin Pedro, Santiago eta honen anaia Joan eta mendi garai batera eraman zituen aparte. Eta antzaldatu egin zen haien aurrean: aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion eta jantziak argia bezain zuri. Hartan, Moises eta Elias agertu zitzaizkien, Jesusekin hizketan. Orduan, Pedrok esan zion Jesusi: «Jauna, bai ederki gaudela hemen! Nahi baduzu, hiru txabola egingo ditut: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat». Hizketan ari zela, hodei argi batek estali zituen, eta ahots batek esan zuen hodeitik: «Hauxe da nire Seme maitea, hau dut atsegin. Entzuiozue». Hori entzutean, ahuspez lurrera erori ziren ikasleak, beldurraren beldurrez. Hurbildu zitzaien Jesus, ukitu eta esan zien: «Jaiki zaitezte; ez beldur izan». Begiak jasorik, Jesus bakarrik ikusi zuten, beste inor ez. Menditik behera jaisterakoan, Jesusek agindu zien: «Ez esan inori ikusi duzuen hau, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik piztu arte».

Mateo 17, 1-9.

Uste dut guztiok esan dezakegula, inoiz bada ere, geure baitan hauxe sentitu izan dugula: “Zein ongi eta ederki nagoen hemen; denbora hementxe gelditu beharko luke…”. Halako distira hori arnasgune bihurtzen zaigu, baina, aldi berean, badakigu bizitzaren egunerokoa ez dela hori etengabe edota bereziki. Ohiko errealitateak, oinak berriro ere lurreratzen dizkigu. Antzeko zerbait gertatuko zitzaien Pedro, Santiago eta Joani Jesusek berarekin medi garai batera aparte eraman zituenean, gaurko Ebanjelio-pasarteak kontatzen digun bezala. Zein garrantzitsua den sakon-sakonetik zentzuzko bizikizunak esperimentatzea! Geure lekutik atereaz, beste bizitzako ahots bat entzuten jartzen gaitu eta, zutituz, pauso berriak ematera bultzatzen. Noski, hau ez da egun batetik bestera egiten edota gertatzen; berarekin eskakizun txiki bat badauka, eta pedagogia zehatza: arrunkeriatik zertxobait, bederen, aldendu —mendi garai batera joan— eta, han, entzun, neure bihotzari entzun. Argi berri bat hortik etor daiteke. Eta arrasto horretan bizitzen saiatzen diren pertsonei nabaritzen zaie, bizitzako argia eskaintzen dute, barruko pasio batek mugitzen baititu. “Mendi garai batera” joateko egarria sentitzen dut? Entzuteko, argitua izateko prest nago, horrek ekar dezakeen guztiarekin?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude