HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 4

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Entzuna duzue antzinakoei agindua: “Maita ezazu zeure lagun hurkoa eta gorrota zeure etsaia”. Nik, ordea, hau diotsuet: Maita itzazue zeuen etsaiak eta egin otoitz eraso egiten dizuetenen alde, zeruetan dagoen zeuen Aitaren semealaba izan zaitezten, hark gaiztoentzat eta zintzoentzat ateratzen baitu eguzkia eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat egiten euria. Izan ere, maite zaituztenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor zaizue? Zergalariek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Eta zeuen senideak bakarrik agurtzen badituzue, zer egiten duzue berezirik? Jentilek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Izan zaitezte, beraz, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona den bezala».

Mateo 5, 43-48.

Atzoko Ebanjelio-pasartearen arrastotik bideratzen gaitu gaurkoak, guzti horren gakoa azpimarratuz: “Maita ezazu…”. Baina maitatzeaz gain, maitasunaren estiloa, modua, eskakizuna azaltzen digu, baita ere: ez maita betikoak eta betiko modura bakarrik, zerbait gehiago kostatzen zaizkigunak eta modu berrituan, baita ere; eta beti bestearen ona bilatuz. Garrantzitsuena pertsona baita. Eta, gainera, gutako bakoitzari eta guztioi hori partekatzea emana izan zaigu: gizaki, pertsona izatea. Muinean, horrek elkartzen gaitu; horrek berdintzen gaitu. Balio berdina partekatzen dugu; sinesturik ere, guztiok Jainkoaren ukitua dugula. Bakoitzak burutu ditzakeen ekintzek, onak edota ez hain onak, bere izatearen balioa ez dute baldintzatzen –eguzkia eta euria denontzat ‘ateratzen’ dira–. Horregatik, besteekiko gure begirada fintzen joan behar da, elkar senide bezala sentituz. Erraza, ez, noski; baina gero eta bizitza beteago eta zentzuzkoago batean murgildu nahi badugu, ezinbesteko erronka dugu. Zer izatea bilatzen dut? Horretan, besteak non eta nola daude?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Bestearen ona bilatuz… a ze begirada Jesusena

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude