HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 2

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko dizue; eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitzen, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio. Zuetako norbaitek, semeak ogia eskatuta, harria emango ote dio? Edota arraina eskatuta, sugea emango ote dio? Beraz, zuek, gaiztoak izanik ere, zeuen seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez gehiago ez dizkie zeruko zuen Aitak gauza onak emango eskatzen dizkiotenei! Honela bada, besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia egin zuek ere besteei; horixe da Moisesen legeak eta profetek diotena».

Mateo 7, 7-12.

Jesusen urrezko araua jasotzen dugu gaur ebanjelioko pasartearen azkeneko lerro bitan: “…Besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia egin zuek ere besteei…”. Behin eta berriz geure baitan eduki eta entzun beharko genukeena! Aurreko ataletan Jesusek hainbat pauta agertzen joan zaigu: otoitza, limosna, baraua, begirada, ondasunak, egunekoan bizitzea, ez epaitzea, egiazko balioa duten errealitateak zaintzea… Baina hortan bakarrik gelditzen badira, ezer gutxi dira. Guzti horiek lagundu beharko ligukete, entrenamenduak izan beharko lirateke, goreneko jarrera geure haragi egiteko: besteen ona bilatzea. Hor dago kakotxa. Eta hor kokatzen bagara, eskatzeak, bilatzeak, atea jotzeak, ateak zabalik izateak… beti bizitzako erantzuna edukiko du; agian, ez guk espero bezalakoa, baina bai egiazko bizitza. Zailtasunak zailtasun izango dira, baina bestearen ona bilatzea, dagoeneko, zentzuzko erantzuna, aurkikuntza da. Eta horrek poztasuna dakar. Zein da besteekiko nire jarrera? Zer eskaintzen diot besteari?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Hala bedi

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude