HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 1

Aldi hartan, jende asko biltzen ari zelarik, Jesus honela hasi zitzaien: «Gizaldi hau gaiztoa da. Ezaugarri eske ari da, baina ez zaio ezaugarririk emango Jonas profetarena besterik. Izan ere, ninivetarrentzat Jonas ezaugarri izan zen bezala, hala izango da Gizonaren Semea gizaldi honentzat. Auzi-egunean hegoaldeko erreginak gizaldi honetako jendearen aurka jaiki eta kondenatu egingo du, lurraren azken mugetatik etorri baitzen hura Salomonen jakinduriazko hitzak entzutera, eta hona hemen Salomon baino gehiago dena. Auzi-egunean ninivetarrek ere gizaldi honen aurka jaiki eta kondenatu egingo dute, haiek bihotz-berritu egin baitziren Jonasen predikuaz, eta hona hemen Jonas baino gehiago dena».

Lukas 11, 29-32.

Badirudi, Jesusek bere inguruan jende asko sumatzen duenean bere mezua zorroztu egiten duela. Berea ez da arrakasta, barruko sendotasuna baizik. Kopuruez ez da fidatzen; dagoeneko, bere bizitzako bidean ikusten ari baita askoren jarraipenak interes ez oso gardenak, ez oso argiak dituztela. Interesagatik, zerbaiten truke jarraitzen diotela. Eta mezua garbia da: Jesusen pertsonari atxikitzearen eskakizuna, ez bere ezaugarriei. Noski, pertsona berezi horrek, Jesusek, ezaugarri batzuk ditu edota azaltzen ditu, baina bere izatea onarri duela, bere izatetik sortzen direnak. Eta egiazko bere jarraitzaile izan, saiatu nahi duenak hortxe du erronka, hortxe bidea: izatea. Nola? Bere jakinduriazko Hitza, bere jakinduriazko predikua oinarri harturik, bihotz-berrituz. Orduan, aurretik eta gaur. Bizitza sendotasunean oinarritzea norberaren esku dago eta etengabekoa da. Gerta dakiguke oinarri hori egoki ez bilatzea. Gaurkoa, dei berezia izan daiteke geure moteltasunetik esnatzeko, astintzeko eta, xumetasunez Jesusen jakinduriazko hitz gaurkotuak aurkitzeko, eta gizadian zabaltzeko. Ikusgarritasun handirik espero gabeko bihotz-berritzea bilatzen edota desiatzen dut?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Jesusena barne sendotasuna da, ez arrakasta.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude