HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Otsailak 28

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Otoitz egitean, ez jardun esan eta esan, jentilak bezala, uste baitute beren hitz-jarioari esker entzungo diela Jainkoak. Ez izan haien antzeko, badaki-eta zuen Aitak zer behar duzuen, zuek eske hasi baino lehen. Beraz, zuek honela egingo duzue otoitz: «Gure Aita, zeruetan zarena: santu izan bedi zure izena, etor bedi zure erreinua, egin bedi zure nahia, zeruan bezala lurrean ere. Emaguzu gaur egun honetako ogia; barkatu gure zorrak, guk ere geure zordunei barkatzen diegunez gero, ez gaitzazu utzi tentaldian erortzen, baina atera gaitzazu gaitzetik». Izan ere, zuek besteei beren hutsegiteak barkatzen badizkiezue, zuei ere barkatuko dizkizue zeruko zeuen Aitak; baina besteei barkatzen ez badiezue, zuei ere ez dizkizue barkatuko Aitak zeuen hutsegiteak».

Mateo 6, 7-15.

Barrutik, sakonetik indartzearen garrantzia azpimarratzen da, zentzuzko bizitza sortzen joateko eta edukitzeko. Horretarako, ez da hitz askorik behar, ez itxurakeriarik ere; egiazko eta bihotzetik sortzen diren hitz xume gutxi batzuk nahiko dira. Janari orekatua dei diezaiokegu. Hortxe sekretua. Baina, aldiz, zenbat kostatzen zaigun hitz gutxitan fundamentuzko zerbait adieraztea! Zenbat kostatzen zaigun dogmatismorik gabe janari orekatua mantentzea! Ez gaude ohituta. Noski, ixiltasuna eta xumetasuna ohizko moldeak ez ditugulako; eta habi hori beharrezko, bestela, nekez. Ixiltasuna, entzuteko, jabetzeko, antzemateko, norberari eta besteari leku egiteko; xumetasuna, handikerian ez erortzeko. Hor eta horrela ikasten joango gara, gure mugatasun eta guzti, gu geu izanik, egunero aurrera egiteko eta senideekin harmoniazko bideak eraikitzen joateko, garrantzitsua dela sakonetik indartzea. Gaurko ebanjelioak esaten digu hori dela egiazko otoitza. Zer-nolako janaria bilatzen dut neure sakona, neure bihotza indarberritzeko? Zertara narama horrek?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude