HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Otsailak 27

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Gizonaren Semea –eta aingeru guztiak harekin– aintzaz beterik etortzean, bere erregeaulki ospetsuan eseriko da, eta herri guztiak haren aurrean bilduko dituzte. Hark batzuk besteengandik bereiziko ditu, artzainak ardiak ahuntzetatik bereizten dituen bezala: ardiak bere eskuinaldean ipiniko ditu, eta ahuntzak ezkerraldean. Orduan, erregeak esango die eskuinekoei: “Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestaturik dagoen erreinua. Gose bainintzen, eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik, eta bisitatu; espetxean, eta ikustera etorri zineten”. Orduan, zintzoek erantzungo diote: “Jauna, noiz ikusi zintugun goserik, eta eman genizun jaten, edota egarri, eta edaten eman? Noiz ikusi zintugun arrotz, eta etxean hartu, edota biluzik, eta jantzi? Noiz ikusi zintugun gaixorik edota espetxean, eta ikustera joan?”. Eta erregeak erantzungo die: “Benetan diotsuet: nire seniderik txikien hauetako bati egin zeniotena neuri egin zenidaten”. Gero, esango die ezkerrekoei: “Alde nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestaturik dagoen betiko sura. Gose bainintzen, eta ez zenidaten jaten eman; egarri, eta ez zenidaten edaten eman; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixorik eta espetxean nengoen, eta ez zineten ni ikustera etorri”. Haiek erantzungo diote: “Jauna, noiz ikusi zintugun goseak edota egarri, arrotz edota biluzik, gaixorik edota espetxean, eta guk lagundu ez?”. Hark erantzungo die: “Benetan diotsuet: txikien hauetako bati egin ez zeniotena, neuri ez zenidaten egin”. Eta hauek betiko zigorrera joango dira; zintzoak, berriz, betiko bizira».

Mateo 25, 31-46.

Gaurkoan, badirudi hitz gogorrek agintzen dutela eta ez Bizitzako hitz goxoek, Jesusengandik gehienetan espero dugun bezala. Mateoren Ebanjelioaren azken kapituluetara hurbilduta gaude eta Jesus desagertzear, hiltzear dago. Beraz, dagoeneko Jesusek dexente hitz egin du; eta ikasleek Jesusekin kilometro asko eginak dituzte. Hortik suposatzen da Jesusen mezua, dagoeneko, ondo baino hobeto jasoa dagoela. Halaber, Jesusek gizakia inork baino hobeto ezagutzen du eta, ondorioz, badaki berarekin bizi izanak (berari askotan entzun, irakurri… izanak) ez duela ziurtatzen mezua ondo ulertua izatea, barneratua dagoela sentitzea eta, ondorioz, bizitzara eramana dela ziurtatzea. Eta hori garbi utzi nahi du. Ez da nahikoa entzutea, jasotzea; gaur eta hemen, besteekiko Bizitzako pauso sendoa beharrezkoa da. Hortxe, Jesusen lagunen zigilua. Horregatik gaurko hitzen astindua: “Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok… Alde nigandik, madarikatuok…”. Helburua ez da ikaratzea, baizik eta esnatzea; koherentziara eta Bizitzako konpromezura bultzatzea. Zer-nolako oihartzuna daukate Jesusen hitzek nire bizitzan?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude