Guraso bakarraren seme-alabak (Mateo 25, 31-46)

2023 Ots 27

Ai Jauna!
Zenbat kostatzen zaigun
zure proiektua ulertzea!
Hainbat eta hainbat gauza hartzen ditugu kontuan:
otoitzak eta elizkizunak,
gizartearen egonkortasuna,
ohitura zaharrak,
sexua, batez ere sexua…
Hori guztia zaintzen saiatzen gara,
horrela salbatzeko merituak
egingo ditugulakoan;
eta ez gara konturatzen
horrek guztiak ez duela zerikusirik
munduaren hasieratik guretzat duzun proiektuarekin,
kasurik onenean
bizitzeko modu baten ondorioak direla soilik.

Gure Gurasoa izan nahi duzu.
Mundua sortu zenuenetik
seme‑alabatzat hartu gintuzun
eta neurrigabeko maitasuna ematen diguzu ordutik.
Zure irudira egin gintuzun,
zure antzekoak,
guk ere maitasun hori bera eman genezan
eta egin zenuen mundu ona
horrela perfektua,
proiektu guztiz amaitua izan dadin.

Eskerrak ematen dizkizugu, Aita‑Ama,
zure maitasunak sortutako guztia
gure eskuetan utzirik,
gugan jarri duzun konfiantzagatik.
Ez duzu ezer egin nahi izan
guk parte hartzen ez badugu;
eta horrela, gure Gurasoa izateko
gu neba‑arrebatzat jokatzea ere behar duzu
eta zure maitasunezko proiektua
nahiago izan duzu gauzatu gabe utzi 
guri ezer inposatu baino.

Zure proiektu horrekin
konpromisoa hartu nahi dugu,
Ama‑Aita.
Baina ez da erraza izaten askotan,
hainbat indarrek tira egiten baitigute,
gu konturatu gabe ere,
geureganantz,
gu munduaren erdigunea
izango bagina bezala.

Emaguzu argia
sufritzen dutenak ikustean
zu identifikatu ahal izateko;
erakuts iezaguzu
bizitzeko beste ez daukatenengan,
indarkeria eta injustizia jasaten dutenengan,
bizia eta duintasuna salbatzeko ihesean dabiltzanengan,
zu zeu zaudela.
Eta eman indarra ere bai,
guztiekin baina batez ere txikien diren horiekin
neba‑arrebatzat jokatzeko;
horrela, zuk nahi bezalakoak izango gara,
gizakiagoak
eta, beraz, jainkozkoagoak,
zuk munduaren sorreratik
nahi izan zenuen bezala.

Maite zaitugu, Jauna,
behar zaitugu,
lagundu elkar maitatzen.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude