HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaOtsailak 26
Aldi hartan, Espirituak basamortura eraman zuen Jesus, deabruak tenta zezan. Berrogei egun eta berrogei gau baraurik egon ondoren, azkenean gosetu egin zen. Hurbildu zitzaion tentatzailea eta esan zion: «Jainkoaren Seme baldin bazara, esazu harri hauek ogi bihur daitezela». Jesusek erantzun zion: «Liburu Santuan idatzia dago: “Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, Jainkoaren ahotik ateratzen den hitz guztitik baizik”». Orduan, deabruak hiri santura, Jerusalemera, eraman zuen eta tenpluaren goreneko ertzean ipinirik, esan zion: «Jainkoaren Seme baldin bazara, bota ezazu zeure burua goitik behera, idatzia dago eta: “Bere aingeruei agindu die zu zaintzeko”, eta “eskuetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun”». Jesusek erantzun zion: «Beste hau ere idatzia dago: “Ez tentatu Jauna zeure Jainkoa”». Orduan, deabruak mendi handi batera eraman zuen eta, munduko erreinu guztiak eta haien edertasuna erakutsiz, esan zion: «Hori guztia emango dizut, ahuspez gurtzen banauzu». Orduan Jesusek esan zion: «Alde hemendik, Satanas! Idatzia dago eta: “Jauna zeure Jainkoa gurtuko duzu eta hura bakarrik zerbitzatuko”». Orduan, deabruak utzi egin zuen, eta aingeruak hurbildu zitzaizkion zerbitzatzera.
Mateo 4, 1-11.
Biderik bikainena zabaltzen digu Jesusek, guk ere, berari esker eta berak bezala, tentaldiak gaindituz giza duintasunari dagozkion biderik bikainenak jorra ditzagun. Hiru bide, beste behin, garizumako jardunbideekin lotura handia daukatenak.
Bikainagoak gara bat-bateko desioen asebetetzeren menpe bizi ez garenean. Halakoen baraua egiteko gauza denak helburu gorengoei emana bizitzeko aukera izango du, harreman jatorragoak sortu ahal izango ditu eta espiritu bizitza sutsuagoa izango du Jainkoaren Hitzaren gose izanik.
Bikainagoak gara besteen miresmenaren eta txaloen menpe bizi ez garenean. Limosnaren bidetik, lagun hurkoaren aldeko sakrifizioan gure bizitzaren irabazia aurkitzean, Jainkoaren testigu bilakatuko gara, sakrifizioak berekin dakar bakardade eta elkartasunerako prest. Ikuskizun biral baten lilura baino, gizakia biziarazten duen sakrifizioaren ederra baita Jainkoaren aintza.
Bikainagoak gara Jainkoaren begirunea hartuta bizi garenean. Otoitzaren bidetik salbamen historiaren protagonista aktiboak nola izan hausnartzen dugu, idoloen sasi-promesetatik aldenduz eta mundua errotik eraberritzen duen Jainkoarekin bat eginez.
Irrika ditzagun biderik bikainenak!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments