HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Otsailak 25

Aldi hartan, Jesusek Lebi izeneko zergalari bat ikusi zuen, zergak biltzeko mahaian eseririk, eta esan zion: «Jarrai niri». Hark, dena utzirik, zutitu eta jarraitu zion. Lebik bazkari handia eman zion Jesusi bere etxean; Jesusekin eta honen ikasleekin batera zergalari eta bestelako jende asko zegoen mahaian. Fariseuak eta haien legemaisuak marmarrean ari ziren eta esan zieten ikasleei: «Zergatik jaten eta edaten duzue zergalari eta bekatariekin?». Jesusek erantzun zien: «Ez dute osasundunek sendagilea behar, gaixoek baino; ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik, bihotz-berri daitezen».

Lukas 5, 27-32.

Lebiren baietzak gure garizuma honetako baietza sustatzen du, guk ere, Jesukristoren deia entzunda eta orain arte bizitakoak gogoan harturik, bitan pentsatu gabe, bestelakoak utzi, eta Jesusek dakarren Jainkoaren errukiaren sendagaia hartu dezagun, eta bekatuaren menpekotasunetik zutiturik Jesusi jarraitu diezaiogun.

Harrigarria da Jesusek egindako aukera: ez dirudi Lebi aukera gomendagarria denik, fariseuen eta legemaisuen marmarrak adierazten duen bezala, baina Jesusek beharrezko ikusten du. Jainkoaren Erregetzarekin zerikusi sakona du bere onean dagoen inork aukeratuko ez lukeena aukeratzeak. Hankaz gora jartzen dira indarrean dauden irizpideak eta aurreiritziak. Bihotz-berritzeko prestasuna da Jainkoaren Erregetzaren neurria.

Kristau elkarteko bizitzarako ere badu zer esana bokazio honek. Elkarte berean guk geurez inoiz aukeratuko ez genituzkeenak aurkitzen ditugu. Eta aldi berean, gu inoiz aukeratuko ez gintuzketenak. Jaunak, berriz, denok deitu gaitu, eta batera egonda bihotz-berritzeko deia eta grazia dugu.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude