HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Otsailak 24

Aldi hartan, Joan Bataiatzailearen ikasleak Jesusengana hurbildu eta esan zioten: «Zergatik guk eta fariseuek sarritan egiten dugu barau, eta zure ikasleek ez?» Jesusek erantzun zien: «Ezteietara deituak egon al daitezke triste senar berria berekin duten bitartean? Etorriko zaie senar berria kenduko dieten eguna; orduan, bai, egingo dute barau».

Mateo 9, 14-15.

Zoriontsu izatera behartzen gaituen egungo kulturak, tristura baztertzen du bere etengabeko estimuluen zaparradan. Tristurarik gabeko arrakasta eta euforia nonahi saltzen duen gizarte honek sakoneko tristuren pandemia isila sufritzen du.

Tristura espiritualak ere aintzat hartzekoak dira: Jainkorik gabe bizitzeak gure misterio pertsonalaren azken geruzan sortzen duen hutsunearen tristura, alegia. Gogoan dugu Hiponako Agustin santuak idatzitakoa: «Zuretzat egin gaituzu, Jauna, eta ez du onik gure bihotzak Zuregan atseden ez duen arte.» Onik ez duen Jainkorik gabeko bihotza modu anitzetara ematen da ezagutzera gure artean: mundu honetakoen etengabeko ase ezinean eta bizia bera kontsumitzen duen mundu honetakoen barau gordeenean.

Gurutzea du gogoan gaurko ebanjelioak: senar berria kendu zuteneko eguna, Jainkoak Semearen heriotzarainoko beheratzean Jainkorik gabekoen gau iluna bere egin zueneko zorioneko unea. Pazkoaren argitan, kristauok bizi ditugun Jainkoaren barauak, gau ilunak, bat egiten eta egingo gaituen pozaren sendogarri ditugu.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude