HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaOtsailak 21
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Begira, gero: ez egin zeuen egintza onak jendaurrean, ikus zaitzaten! Bestela, ez duzue zeruetan dagoen Aitaren saririk izango.
Limosna ematean, beraz, ez ibili aurretik turuta jotzen, itxurazaleak sinagogetan eta kaleetan ibiltzen diren bezala, jendeak txalotu ditzan. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zuk limosna ematean, ordea, ez beza jakin zure ezkerrak zer egiten duen eskuinak; horrela, zure limosna ezkutuan geldituko da; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.
Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek bezala; horiek sinagogetan eta plaza ertzetan zutik otoitz egitea maite baitute, jendeak ikus ditzan. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zu, ordea, otoitz egitean, sar zaitez zeure gelan, itxi atea eta egiozu otoitz ezkutuan dagoen zeure Aitari; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.
Barau egitean, ez agertu kopetilun, itxurazaleak bezala; aurpegia itsustu egiten baitute, barau egiten dutela jendeari agertzeko. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zuk, ordea, barau egitean, gantzutu zeure burua usain gozoz eta garbitu aurpegia, jendeak ez, baino ezkutuan dagoen zure Aitak ikus dezan zure baraua; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina».
Mateo 6, 1-6. 16-18.
Pazkoaren ederrak har gaitzan hasten dugu gaur Garizuma, bihotz berritzeko deia geure eginez.
Limosna, otoitza eta baraua ditugu bihotz berritzeko bideak. Giza izateari buruzko jakinduria ederra gordetzen dute. Limosnak gure baitatik irtetea eskatzen du besteen egoeraz jabetzeko, baita bizia osoki garatzeko ditugun behar, oztopo eta zuzengabekerien aurrean axolagabe ez mantentzeko. Otoitzak gure baitatik irtetea eskatzen du Jainkoa gogoan hartzeko, Jesusen nekaldiak eta piztuerak historiaren amaiera bikainena bermatzen dutela sinisturik, Jainkoaren onginahia gure eguneroko hausnarketaren irizpide eta neurri egiteko. Barauak gure baitatik irtetea eskatzen du, gure bat-bateko desioen asebetetzea atzeratzeak lagun-hurkoei, batez ere beharrean daudenei, eta Jainkoari lekua egin diezaien.
Itxurakerian gelditu daitezkeelakoan, ez dezagun bihotz berritzeko deia baztertu. Aldiz, jorra ditzagun hiru bide horiek, maitatu dezagun Jainkoa denen gainetik, eta lagun hurkoa geure burua bezala!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments