HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 21
Aldi hartan, Jesus eta ikasleak menditik alde egin eta Galilean zehar zebiltzan. Jesusek ez zuen hori inork jakiterik nahi, ikasleei irakastera emana baitzegoen. Honela ari zitzaien: «Gizonaren Semea gizakien esku utziko dute; hil egingo dute, baina hil eta hiru egunera piztuko da». Haiek, ordea, ez zuten ulertzen zer ari zitzaien; galdetzeak, berriz, beldurra ematen zien. Iritsi ziren Kafarnaumera eta, etxean zeudela, Jesusek galdetu zien: «Zer eztabaida izan duzue bidean?». Baina haiek hitzik ez; beren artean handiena nor ote zen eztabaidatu baitzuten bidean. Eseri zen Jesus eta, Hamabiei dei eginik, esan zien: «Lehenengo izan nahi duena izan bedi denetan azkena eta denen zerbitzaria». Gero, haurtxo bat hartu, haien erdian jarri eta, besarkatuz, esan zien: «Honelako haur bat nire izenean onartzen duenak Ni onartzen nau, eta Ni onartzen nauenak, ez nau Ni onartzen, bidali nauen hura baizik».
Markos 9, 30-37.
Zein gertu, eta aldi berean zein urruti, dauden ikasleak Jesusengandik! Harritu egiten gaitu irakurtzen dugun bakoitzean: gure artean ere horrelako norgehiagokak daudelako, eta bizitzako bestelako esparruetan diren norgehiagoketan parte hartzen dugulako, mundu honek eskain dezakeen aintzaren bila. Ondo dakigu horrelakoek sinesgaitza bihurtzen dutela Jesus den Berri Ona, eta Berri On hori Elizan jarraitu, sinetsi eta ospatu daitekeela.
Jesusek ikasleak hezi zituen bezala, gaur gu hezitzen jarraitzen du. Gertu eta urruti egote horretan gure bihotz berritzearen gakoa erakusten zaigu. Soilik gertu dagoenak sumatu dezake zein urruti dagoen, eta gertuago egoteko eskatu dezake eta saiatu daiteke.
Txikiak besarkatzera deitzen gaitu, norgehiagokarako joera gainditu ahal izateko. Ez da behin-behineko keinu afektiboa, gizartean inor ez direnen bidearekin eta zortearekin bat egitea baizik, Jesusek egin zuen bezala. Haren nekaldiaren bidetik iritsiko dugu denok bat egiten gaituen betiereko aintza.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Lehenengo izan nahi duena izan bedi denen zerbitzaria…