HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 20
Aldi hartan, Jesus eta berekin zituen lagunak menditik jaitsi eta gainerako ikasleengana iritsi zirenean, jendetza handia ikusi zuten haien inguruan, eta lege-maisu batzuk haiekin eztabaidan. Jendea harriturik gelditu zen Jesus ikustean eta lasterka joan zitzaizkion agurtzera. Jesusek galdetu zien ikasleei: «Zer zenuten horiekin eztabaidan?». Jendarteko batek erantzun zion: «Maisu, hemen ekarri dizut neure semea: hitz egiten uzten ez dion espiritua du. Non edo han espiritua jabetzen zaionean, lurrera botatzen du, eta mutikoa, lerdea dariola eta hortz-karraska, gogor-gogor egina gelditzen da. Zure ikasleei eskatu diet espiritua botatzeko, baina ezin izan dute». Jesusek esan zien: «Hau gizaldi sinesgogorra! Noiz arte egon behar ote dut zuekin? Noiz arte jasan behar ote zaituztet? Ekarri mutikoa». Ekarri zioten, eta espirituak, Jesus ikustearekin batera, gogor astindu zuen mutikoa, eta lurrean iraulka eta lerdea zeriola utzi zuen. Jesusek galdetu zion aitari: «Noiztik dago horrela?». Hark erantzun: «Ume-umetandik. Askotan bota izan du sura, baita urera ere, hilarazteko. Ezer egin ahal baduzu, erruki zaitez gutaz eta lagun iezaguzu». Jesusek esan zion: «Ahal dudan diozu? Dena ahal du sinesten duenak». Orduan, mutikoaren aitak deiadarka: «Sinetsi nahi dut! Lagundu sinesgabe honi!». Jesusek, jendea pilatzen ari zela ikusirik, gogor eraso zion espiritu gaiztoari: «Espiritu gorra eta mutua, Nik agintzen diat: atera hadi honengandik eta ez sartu berriro». Espiritua, garrasika eta berebiziko astindua emanez, atera egin zen. Mutikoa hilik bezala gelditu zen; hila zegoela zioen askok; baina Jesusek eskutik hartu eta altxarazi zuen, eta mutikoa zutik jarri zen. Jesus etxeratu zenean, ikasleek galdetu zioten bakarrean: «Eta guk, zergatik ezin izan dugu espiritua bota?». Jesusek erantzun zien: «Gisa honetako espirituak botatzeko bide bakarra otoitza da».
Markos 9, 14-29.
Ezina nagusi da Jesusek, menditik jaistean, aurkitzen duen jendetzaren artean. Ezin gordinena, noski, mutikoarena da: bera da biktima, espiritu gaiztoaren menpeko, hil ala biziko ezbaian, bere osasunean, askatasunean eta duintasunean zeharo kaltetua. Espiritu gaiztoak berak kutsatzen ditu denak inguruan. Zein mingotsa sentitzen dugun aitaren ezina, semea sendatu ezinik! Are gehiago, harentzat sendabiderik izango ote den sinetsi ezinik ikustean. Jesusen ikasleak ere ezinak hartuta daude, beren baitan ulertu ezinik, baina lege maisuekin eztabaida bizian. Zenbat aldiz ote dira gure eztabaida beroak sakonago den ezin baten mozorroa!
Jesusek, bere presentzia hutsarekin, Jainko ahalguztidunaren indarra dakar ezinaren erreinura. Horra nolako konpromisoa hartu duen Jainkoak gure alde, eta nolako ziurtasuna izan dezakegun Harengan! Mutikoa salbatua izan da, eta Jesusen piztueraren argitan betiko biziaren iragarpena gertatzen da guretzat. Jainkoari sinesgarritasuna emateko deia luzatzen digu Hitzak, guregan eta gure artean ere ezinaren kutsadura otoitzaren bidez uxatuz.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments