Datozen hilabeteetan, hainbat hauteskunde prozesutan murgilduko gara (udal eta foru hauteskundeak eta Espainiako parlamenturako hauteskundeak hilabete gutxiren buruan, geroago Europako parlamenturako eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak). Prozesu horietan, funtsean, herritarren ordezkaritza duten organoetan izango diren pertsonak aukeratuko ditugu; organo horiek gizarteko arauak eta legeak landuko dituzte, arau eta lege horien betearazpena eta gobernuen ekintza kontrolatuko dituzte, organo betearazleen ekintza legitimatuko dute, eskubideak babestuko dituzte, legezko betebeharrak burutuko dituzte, ondasun publikoak hornituko dituzte (osasuna zaintzea, hezkuntza, ikerketa, teknologia, informazioa eta azpiegiturak…)
Aukeratuko diren legegintza organoen eta organo betearazleen eremu geografikoa desberdina da. Lehenengo hauteskundeetan, tokikoa eta lurraldekoa da; hurrengoetan, estatukoa; eta, urtebete barruko hauteskundeetan, kontinentekoa da batzuen kasuan, eta autonomikoa beste batzuen kasuan.
Hala ere, parlamentuek eta gobernuek ez dute beren erabaki eremuetan egiten den jarduera guztia kontrolatzeko edo arautzeko ahalmenik. Finantza-erakunde handiek, nazioz gaindiko enpresa handiek eta estatu handietako agintariek duten botereak neurri handi batean baldintzatzen du parlamentu eta gobernuen erabakitzeko ahalmena.
Gizon-emakumeok aurre egin behar diegu ingurumen, gizarte eta ekonomia egoera eta arazoei. Horietako batzuen erantzunek eskatzen dituzte berehalako erabakiak, beste batzuek epe laburrekoak (hauteskunde aldian, 4-5 urtekoak); gobernatzeko lehian dauden eragile politikoen plan eta programetan sartu ohi direnak dira. Baina badira, halaber, epe ertain eta luzera (gure belaunaldiaz haratago ere, 50 urte baino gehiago ikusita) hartu behar diren ingurumen, gizarte eta ekonomia egoera eta arazoei dagozkien erabakiak atzeratu ezin direnak.
Herritar kristau garenok, hauteskundeetan parte hartzeko eta botoa askatasunez eta arduraz emateko betebeharra dugu, bakea eta guztion ongia lortzen laguntzeko, hau da, justizia lortzen laguntzeko. Badakigu ezein programa politikok ez dituela ebanjelioaren eskakizunak agortzen eta ez duela justizia erabat ezartzea ziurtatzen, baina ez dugu horregatik gure erantzukizuna alde batera utzi behar.
Informazioa biltzea eta, bereziki, gogoeta eta loturarik gabeko dizernimendua beharrezkoak dira, gure parte hartzearen bidez, mundua benetako amankomuneko etxea izan dadin bertan bizi garenontzat.
0 Comments