HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 19

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Entzuna duzue antzinakoei agindua: “Begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain”. Nik, ordea, hau diotsuet: Gaizkileari ez erantzun gaizki; bestela baizik, eskuineko masailean jotzen zaituenari eskaini beste masaila ere; soinekoa kentzeko auzitara eraman nahi zaituenari eman soingainekoa ere; norbaitek mila pauso egitera behartzen bazaitu, egin bi mila berarekin. Eskatzen dizunari eman, eta dirua uzteko eskatzen dizunari ez ukatu. Entzuna duzue antzinakoei agindua: “Maita ezazu zeure lagun hurkoa eta gorrota zeure etsaia”. Nik, ordea, hau diotsuet: Maita itzazue zeuen etsaiak eta egin otoitz eraso egiten dizuetenen alde, zeruetan dagoen zeuen Aitaren seme-alaba izan zaitezten, Hark gaiztoentzat eta zintzoentzat ateratzen baitu eguzkia eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat egiten euria. Izan ere, maite zaituztenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor zaizue? Zergalariek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Eta zeuen senideak bakarrik agurtzen badituzue, zer egiten duzue berezirik? Jentilek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Izan zaitezte, beraz, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona den bezala».

Mateo 5, 38-48.

Jesusek proposatzen digun bizitza-bidean neurrigabekeria eta zentzugabekeria asko dago giza irizpideetatik. Horrela, gaurko ebanjelioan, erasoen eta bidegabekerien aurrean oposizioari uko egitea eskatzen duen moraltasuna aurkitzen dugu; etsaiei maitasuna eskatzera ere iristen den moral baten aurrean gaude. Ez dirudi proposamen oso zentzuzkoa denik, eta ez dira falta izan halako proposamen etikoa guztiz irrealtzat, justiziaren aurkakotzat eta ordena sozialerako arriskutsutzat jo izan dutenak. Inguratzen gaituen gizartean gainera, ohikoa bihurtu da kontrako norabidean doazen proposamenak eta jarraibideak entzutea. 

Hala ere, ongi azterturik, kristau-bidea da mundua eralda dezakeen jarrera erradikalera jotzen duen bide bakarra, izan ere, historiaren indarkeriazko ekintza-erreakzio zirkuluak apurtzeko gai den Jainkoarena den bihotz onbera batetik soilik eralda daiteke mundua. Indarkeriarik eza eta etsaiak maitatzea proposatzeak ez dakar munduko injustizia eta indarkeria onartzea, ezta biktimei horrela egiten irakastea ere, baizik eta mundua benetan eralda dezaketen oinarrizko jarrerak askatasunez aukeratzea eta lantzea, eta haiek ekar liezazkiguketen ondorioak hartzeko prest izatea. Jesusek asko espero du bere jarratzaileengandik, eta horregatik kristau-morala gehiengoaren  morala da, bikaintasunerako bokazio-deia dena. Kristauak dei horretatik bizi du justiziaren alde eta indarkeriaren aurka borrokatzeko konpromisoa. Eta horrela egiten da, jarrera horietatik bakarrik hautsi daitezkeelako historian eta giza bizitzan nagusi diren injustiziaren eta indarkeriaren zirkuluak.

Kristoren aurrean, hausnartu gaurko ebanjelioaren hitzak eta zugan sortzen dituzten zirrarak.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude