HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 14
Aldi hartan, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta leku guztietara. Eta hau esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jabeari bidal ditzala langileak bere uztara. Zoazte! Arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: “Bakea etxe honetakoei!” Eta han bakezalerik bada, haren gainean kokatuko da zuen bakea; bestela, berriz, zuen bakerik gabe geldituko dira. Geldi zaitezte etxe berean; eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe. Herriren batean sartu eta ondo hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Hurbil duzue Jainkoaren erreinua”».
Lukas 10, 1-9.
Misioa, Jesusek bere jarraitzaileei egindako eskakizuna da. Baina eskakizun gogorra eta zaila da. Halakoa zen Jesusen garaian baita gurean ere, misioa beti zailtasunen erdian eta beti baliabide eskasekin egiten baita. Arriskuak ere baditu, kalte egin diezaguketen pertsona gaiztoen artean misionatzen baita; misiolaria otso artean bildotsa bezalakoa da.
Eskakizun gogor, zail, baina ukaezina da, haren bidez Jesusekin bizitza eta proiektua partekatzen ditugulako, berak egiten zuena guk ere eginez edo egiten ahaleginduz, behintzat. Horregatik, misioa Ebanjelioaren araberako hainbat irizpiderekin bat etorri behar da. Gaurko ebanjelioak horietako irizpide batzuk agertzen dizkigu:
– Lehenengoa, misioa beste batzuekin eta Jainkoaren probidentzian konfidantza eta gogo osoa jarrita egitea da;
– Bigarrena, lor ditzakegun emaitzen eskasei jaramonik ez egitea, askok onartuko ez dutela aurreikusita baitago;
– Hirugarrena, misioak mezua onartuko dutenentzat izango duen indar eraldatzailean, bakegilean, fedea izatea da;
– Eta laugarrena, guk “misionatzen” ditugun lagunengandik haiek eman diezaguketena hartzen ikastea da, haiekin bizitza partekatuz.
Kristoren aurrean eta gaurko ebanjelioak ematen dizkigun misiolari eskakizunetik eta irizpideetatik, nire eguneroko lanari edo eginkizunari ematen diodan zentzua eta nola egiten dudan aztertzen dut.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments