Erritu guztiek joandako denboraren eragin higatzailea jasan dezakete, baita gure fedearen muin-muinekoa den eukaristiak ere. Eukaristia, mendeetan barrena errepikatzearen errepikatzez, ohikeria eta hutsalkeriara lerratu da zenbaitetan. Hori dela-eta, eukaristiari dagokionean, bere praxia ez ezik, bere gaineko teologia berrikusi eta berritzea ezinbestekotzat jo zen Vatikano II.ean. Sakon, aberasgarri eta argigarria dugu, hein horretan, Xabier Basurkoren ekarpen akademikoa. Oraingo lerro hauen bitartez, Para comprender la eucaristia izenburuko bere liburuan oin harturik, labur beharrez bada ere, bere hausnarketa zenbait ekarriko ditut hona eukaristia era sakonagoan ulertze aldera.
Eukaristiak zenbait dimentsio barnebiltzen ditu, hala nola, sakrifiziozkoa, oroitzapenezkoa…, eta guztiek izan beharko lituzkete beren toki eta pisua. Alabaina, polo ezberdin hauen artean eman daitezkeen desorekek berekin dakarten arriskuan jarriko digu azpimarra Basurkok. Desoreka horien artean, bere liburuan bada bat nabarmen azpimarratua:eukaristiaren ulerpen oso sakrifiziozkoa, edo sakrifizio hutsezkoa, izatea. Ebanjelioak blaitzen duen juduen tradizioak horretara lerratzera eramaten du. Ezin uka. Hala ere, tradizio paulinoak bestelako ikuspegi bat luza diezaguke eukaristiaren gainean. Berorretan, Itun Zaharreko tradizio profetikoa bereganatuz, fideltasuna hartzen du aintzakotzat, oraingo honetan Itun Berriak eskaturiko fideltasun gisa. Hein honetan, Azken Afaria tradizio profetikoaren gune gorentzat joko da.
Elkarteetako Elizatik Inperioko Elizarako iraganbidearen eraginez, oturuntza moduan ulertutako ospakizunetik sakrifiziozko erritu moduan ulertutakora pasatuz joan zen eukaristia. Joera hau indartu eta indartu egin zen mendeetan barrena, eta eukaristiaren lengoaia eta kontzeptualizazioa zeharo eraldatu. Jakin badakigu erlijio orok duela sakrifizioan Jainkoarekiko harremana zaharberritzeko bidea, berau esker-eskaintza moduan izan, eskaera moduan edota garbitze moduan. Hau honela ere, sakrifizio-dimentsio honetara alboratuegi dagoen erlijiotasunak ezinbestez iluntasun kutsu bat hartuko du, masokismokoa ez bada.
Ikuspegi hau murriztailea litzateke eta, tamalez, sakrifizioaren beraren eta sakramentuaren artean urruntze bat eragingo luke. Anamnesis-aren (oroitzapenaren) dimentsioa bazter utziz gero, eta eukaristia-eskaintzak soil-soil Jainkoari Kristoren bidez eskainitako sakrifizio gisa ulertzeak mezaren ulerpen indibidualista eta utilitaristegira eramango gaitu nahitaez (hildakoen mezak eta botozko mezak mugagabe ugarituta, kasu), eta eskaintzak zein berauen manipulazioa objetibatze dimentsio bakarrekora murriztera. Erdi Aroan zehar joango zen indartuz ikuspegi hau eta, gerora, Trentok ia bere horretan utziko zuen, Kristoren sakrifizio historikoaren eta eukaristiaren artean bi sakrifizio bereiziz bada ere.
Dimentsio bakarreko ikuspegi hau gainditze aldera, eukaristiaren “oroimenezko” dimentsioa indartzean ikusten du aterabidea Basurkok. Anamnesis semitak sakrifizio hutsa baino ez izateko arriskua duen eukaristiaren ospakizunari, etengabe gaurkotzen ari garen eginkizun den aldetik, “oraingotasun” eguneratzaile ezinbesteko bat eransten dio, bizi dugun oraina zahar berrituz eta etorkizun itxaropentsu bat zabalduz. Pazko-oturuntzaren oroimenezko kategoria behar-beharrezkotzat jotzen du Basurkok, eta horrela, gainera, Lukas eta Pauloren agindua –“Egizue hau nire oroigarri!”– baino ez genuke beteko. Hau berreskuratuta eta indartuta, Kristautasunaren lehenengo mendeetako liturgia-moldeari eutsiko diogu, eta zuzen-zuzenean sakrifizioan murgildu beharrean, Jesusen heriotza eta berpizkundea gogoratuz, eguneratuz, berorren baitako sakrifizioa bera ere desberdin eta sakonago biziko dugu.
Eukaristia, anamnesis moduan ospatuz eta biziz, Jesus berpiztua ekartzen dugu gogora, baina horrek ez du esan nahi oso aintzat izango ez dugunik bera izan zen pertsona osoaren bizitza eta mezua. Izan ere, Jesusen heriotza ez da bere gizakundearen ondorio zuzena; berau bere biografia eta mezutik ere ulertu behar dugu. Honetara, erru-sentipen batetik Jainkoarekin sortzen den penitentziazko harremanetik, konpromiso etikora bultzatzen gaituen harreman batera pasako gara, bizitzaren alde benetako jarrera bat hartzera igaroko gara. Errituak, oroitzapen gaurkotua den aldetik, bizitzarako Kristoren baitan txertatzen gaitu, eta Kristoren bitartez Elkartean ere bai. Honela, orainean ainguratuak egon beharrean, eukaristia, atzera begirako bizipen eguneratua dugun aldetik, itxaropenez gainezkatuak zabaltzen gara etorkizun aldera.
Eukaristian Kristorekin komunioan sartu behar dugu eta honek Kristo izan den eredu gorena irrikatzera bultzatu beharko gintuzke, besteak beste, besteenganako zerbitzu-jarreran, errukian zein misiogintzan. Sor lekigukeen edozein erru-sentipen zeharo erauzia geratuko zaigu; Graziak indarberrituta, Jainkoarekiko guztiz bestelako harreman bat izatera pasa gara. Nola hala esanda, kultua bera gainezkatua geratuko da, orain Kristo da-eta kultuaren ibilbidea itxi duena, orain Berau izango delarik kultuaren barne errealitatea. Aurrerantzean kristauok gure bizitza osoa zein gure bihotza bihurtu behar ditugu Jainkoarenganako gorespen-eskaintza.
Garai berri batean sartuko gara. Barkamena, errukia eta lagun hurkoarekiko konpromisoa segituko dira Ospakizunaren muinetik. Erritua ez da bertan behera gelditu, ezta hurrik eman ere, berau baina kultuaren dimentsio teologiko eta etikoaren agerpen indartzailearen adierazpen sinbolikoa izango da. Eukaristian parte hartuz, gizakia Jainkoarekiko zinez adiskidetzeko grazia eta laguntza jasoko ditu. Kristo da aurrerantzean sakramentua, eta guk geure burua eskainiko diogu, eta horrela Kristorekin bat eginez munduan gorputz bakarra osatuko dugu.
Eukaristiaren izaera dinamikoa eta dialogikoa berreskuratzen da horrela. Eskaintza, aurren- aurrena, Kristoren eskutik datorkigu, “Hau da nire gorputza zuen alde eskainiko dena”; hau eman zen jada eta zabaltzen ari da egunean egunean salbazioaren historian zehar. Gerora, gure harrera, gure hartze edo onarpena segituko dira, ospakizunean parte-hartzaile aktiboak garen aldetik. Hirugarrenik, gure “kontra-eskaintzak” (contra-don) itxiko du hartu-emana. Azken kontra-eskaintza Kristoren eskaintzaren ondoren dator, eskaintzen eukaristizazioaren ondoren, II. Epiclesisean, eta berorretan Espirituari egiten zaio dei bere bultzada bidal diezagun eta batzartutako elkarteari lagun diezaion anaiarreben arteko elkartasuna lortzeko eginkizunean. Honen baitan hiru une ere aurki daitezke: 1) nahi edo asmo etikoarena (anaiarreben elkartasunarena; 2) gorputz bakarra osatzeko asmoarena (Kristoren eliz-gorputzarena eta 3) itxaropen eskatologikoarena (“Jada bai, baina oraindik ez”).
Bukatze aldera zera esan, balio batzuk beste batzuen aldean lehenestetik sortzen dela eukaristia ospatzeko forma liturgiko berri hau, Basurkok ondo azaltzen digunez. Izuaren eta beldurraren Jainko baten ordez, errukia eta barkamena baino eskatzen ez zaizkion Jainko baten ordez, Ebanjelioarekin guztiz bat egiten duen Jainko bat aldezten da, zeharo errukitsua den Jainko bat eta, hortaz, harridura, poza eta gorespena baino sorrarazten ez dituena. Izu eta beldurpetik mezari eragin erdi magikoa aitortzen zitzaion iragan garai ilun samarrak bazter utzirik, Jainkoaren epaile zorrotzaren irudi harako hura bazter utzirik, arrunt bestelako ospakizun molde bat gailendu da, bere burua Grazian murgildurik sentitzen den bihotzetik, bere burua guztiz maitatua sentitzen den bihotzetik, ernetzen den gorespen eta eskerrak ematea helburu dituen ospakizuna izango dugu eukaristia.
Teorian, denok ados. Vatikano II.etik gainera. Ospatzen dugun eukaristiak sinesten dugun jainkoarekin koherentea izan behar du. Eta diozunak laguntzen du gure eukaristiaren zentzu sakona ulertzen. Baina teoriatik haratago, ez gara ospakizunei bizitasuna emateko gauza. Eta bitartean eliza ebanjelikoak alaitasunez beteriko festa eta topaketak egiten igandero gure auzoetako edozein aretotan… (eta zoriontzekoa iruditzen zait azken hau).