HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 12

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez uste izan Moisesen legea edota profeten esanak baztertzera etorria naizenik; ez naiz baztertzera etorri, beren betera eramatera baizik. Benetan diotsuet: Zeru-lurrek iraungo duten bitartean, legearen letrarik edo zeinurik txikienak ere ez du baliorik galduko, dena bete arte. Beraz, agindurik txikienetako bat hausten duena eta hausten irakasten, txikiena izango da zeruetako erreinuan; betetzen duena, berriz, eta betetzen irakasten, handia izango da zeruetako erreinuan. Hara zer diotsuedan: Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeki betetzen ez baduzue, ez zarete sartuko zeruetako erreinuan. Entzuna duzue antzinakoei agindua: “Ez hil inor”, eta norbait hiltzen duena errudun izango da auzitegian. Nik, ordea, hau diotsuet: Bere senidearekin haserretzen dena errudun izango da auzitegian; senideari “zoroa” esaten diona errudun izango da batzar nagusian, eta “sinesgabea” esaten diona infernuko surako errudun izango da. Beraz, zeure oparia aldarean eskaintzean, gogoratzen bazara zure senideak baduela zerbait zure aurka, utzi oparia han bertan, aldare aurrean, eta zoaz lehenik senidearekin bakeak egitera; etorri orduan eta eskaini zeure oparia. Konpon zaitez lehenbailehen zeure etsaiarekin, harekin auzitegira zoazen bitartean, etsaiak epailearen esku jar ez zaitzan, eta epaileak ertzainaren esku, eta giltzapean sar ez zaitzaten. Benetan diotsut: Ez zara handik aterako, azken txanpona ordaindu arte. Entzuna duzue antzinakoei agindua: “Ez egin adulteriorik”. Nik, ordea, hau diotsuet: Emakumeari irrikaz begiratzen dionak egin du jadanik adulterioa bere bihotzean.

Eskuineko begia galbide bazaizu, atera eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura jaurtia izan baino. Eskuineko eskua galbide bazaizu, moztu eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura joan baino. Agindua dago hau ere: “Emaztea uzten duenak eman diezaiola dibortzio-agiria”. Nik, ordea, hau diotsuet: Bere emaztea uzten duenak –legez kontra elkartuak ez badira behintzat– adulteriora bultzatzen du emaztea; eta utzitako emakumearekin ezkontzen denak adulterioa egiten du. Entzuna duzue antzinakoei agindu zitzaiena: “Ez egin gezurrezko zinik”, eta “bete Jaunari egindako zinak”. Nik, ordea, hau diotsuet: Ez egin inolako zinik, ez zeruagatik, Jainkoaren tronua baita; ez lurragatik, haren oin-aulkia baita; ezta Jerusalemengatik ere, Errege handiaren hiria da eta. Ez egin zinik zeure buruagatik ere, ez baitezakezu zeure ile bakar bat ere zuri edo beltz bihurtu. Zuek esan ezazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean; gainerakoa aiztoagandik dator».

Mateo 5, 17-37.

Mateoren ebanjelioko zati luze hau “Mendiko hitzaldia” bezala ezagutzen dugunaren zati bat baino ez da. Ebanjelioaren txatal honek Jesusek aurkezten duena eta judutarrek itxaroten zutena uztartzen ditu , Jesusek dakarren berrikuntza eta arbasoek itxaroten zutena, alegia. Judutarren itxaropena eta beste gizaki guztiona ametsezko harreman orekatua da. Ezinbesteko oreka honek beste tradizio batzuekin amankomunean duena ere mahai gainean jartzen du, funtsezko jarrerak eta funtsezko harremanetarako estilo bat idurikatuz.
Arbasoen tradizioaren, beste tradizio batzuen eta Jesusen arteko lotura honek ez du berez lotura sortzen. Harremana, Jesusek dakarren berritasuna, agerian jartzen du. Eta berritasunak beti “hoberako” gonbidapena dakar. Legeak ez bezala, Jesusen gonbidapenak Jainkoaren proiektuarekin lotura estutu egiten du. Horregatik “hobera” gonbidatzen gaitu. Gonbidapena gizakion arteko funtsezko harremanak gizatiarragoak izatera bideratuta dago: indarkeriaren aurrean, indarkeria ezaren kultura; gezurraren eta engainuaren aurrean, zintzotasunaren eta tolerantziaren kultura; lapurretaren eta ustelkeriaren aurrean, inpartzialtasuna eta ordena ekonomiko justuaren kultura eta, azkenik, maitasunaren, lankidetzaren eta gizon-emakumeentzako duintasun berdinaren kultura. Jesusen berri ona zuhurkeriaz ulertu beharrean, Jainkoaren proiektu amaigabearen neurriak kontuan harturik ulertu behar da.

Marixabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude