HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 11

Egun haietan, berriro jendetza oso ugaria izanik eta zer janik ez, Jesusek ikasleei dei egin eta esan zien: «Erruki dut jende hau; badaramate hiru egun nirekin eta ez dute ezer ere jateko. Etxera baraurik bidaltzen baditut, bidean akiturik geldituko dira, urrutitik etorriak ere badira eta». Ikasleek esan zioten: «Baina nondik atera bakardade honetan hauek asetzeko adina ogi?». Hark galdetu zien: «Zenbat ogi duzue?». Eta haiek erantzun: «Zazpi». Orduan, jendeari lurrean esertzeko agindu zion. Gero, zazpi ogiak hartu eta, Jainkoari esker onezko otoitza egin ondoren, zatitu eta bere ikasleei eman zizkien, bana zitzaten. Haiek jendeari banatu zizkioten. Bazituzten arraintxo banaka batzuk ere; Jesusek bedeinkatu zituen eta haiek ere banatzeko agindu zien. Asetzeraino jan zuten denek, eta zazpi otarre bete zituzten hondarrekin. Lau mila inguru ziren. Ondoren, Jesusek agur egin zien, eta bere ikasleekin txalupara igo eta Dalmanuta aldera joan zen.

Markos 8, 1-10.

Markosen ebanjelioaren atal honetan Jesus jendetzaz inguraturik agertzen zaigu berriro ere. Ezaguna dugun zati honek Jesusen errukia aktiboa dela adierazten digu. Jesusen errukia, ez da erruki “emozionala”. Erruki emozionalak estetikarekin du zerikusia, ikasita izango bagenu bezala zer esan behar dugun egoera jakin batzuen aurrean. Jesusen errukia erruki eraginkorra da. Eragina sortzen du buruan –aztertu egiten du zein den egoera, zeintzuk eragozpenak eta zeintzuk izango diren ezer ez egitearen ondorioak-. Eragina sortzen du bihotzean –berarengan sortzen duten hurbiltasuna nabaritzen du ikusiaz hiru egun daramatela berarekin. Hurbiltasunak harremana sortzen du, nolabaiteko erantzukizuna-. Eta azkenik, eragina sortzen du bere borondatean – eserarazi, eskerrak eman eta dagoena banatu- . Nolakoa da gure errukia? Jesusenaren antzik badu?

Marixabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude