HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 10
Aldi hartan, Jesus, Tiroko lurraldea utzi eta Sidondik igaro eta Dekapolisen barna Galileako itsasora etorri zen. Gorra eta hitz motela zen gizon bat ekarri zioten, eta eskuak gainean ezartzeko eskatu. Jesusek, jende artetik bereiz harturik, behatzak belarrietan sartu zizkion, eta bere listuz mihia ukitu zion. Zerura begira, intziri eginez, esan zion: «Effetá» –hau da: «Ireki zaitez»–. Eta berehala ireki zitzaizkion belarriak, eta mihiko lotura askatu, eta hizketan hasi garbi-garbi. Inori ez esateko agindu zien Jesusek. Baina haiek orduan eta gehiago zabaltzen zuten albistea. Eta harriturik, zioten: «Ondo egiten du dena: gorrei entzunarazi eta mutuei hitz eginarazi».
Markos 7, 31-37.
Hasierako liburuak adierazten duenaren arabera, Jainko sortzaileak hitzaren bidez sortu zituen izadia eta izana duen oro. Jesusen hitzak, Markosen ebanjelioaren gaurko zati honetan, hitz motela askatu eta belarri gorrak zabalduko dizkio gizon atzerritar bati, eta harremanetarako zituen oztopoak gainditzen lagunduko dio. Orain bere baitatik irten daiteke, eta aurrerantzean harreman gizatiarragoa izan natura eta izatea duen guztiarekin. Jesusek nolabait, sortutako guztia bere bizitza eta ekintzekin biribiltzen du, sorkuntza bere gailurrera eramango balu bezala. Eta Hasierako liburuak adierazten duen bezala, sorkuntzaren aurrean Jainkoak dena ona zela ikusi zuen bezala, ebanjelioan, Jesusen inguruan zebiltzanak aitortzen zuten Jesusek dena ondo egiten zuela. Sorkuntza ondasun gisa ikusten da. Eta ondasun hau mantenduko ote dugu isilpean? Jesusen eraginaz, Jainkoaren presentziaz ohartzen garenean, isilik geratzen gara?
Gure bizitzek nola adierazten dituzte jasotako ondasunak?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments