HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 9

Aldi hartan, Tiroko lurraldera joan zen Jesus. Etxe batean sartu zen, eta ez zuen nahi inork jakitea, baina ez zuen ezkutuan egoterik izan. Berehala, haren berri entzunik, emakume bat etorri zitzaion, alabatxoa deabru lohi batek hartua zeukana, eta oinetara ahuspeztu zitzaion. Jentila zen emakumea, Feniziako siriarra sortzez, eta alabagandik deabrua haizatzeko eskatzen zion. Jesusek erantzun zion: «Utzi lehenbizi seme-alabak asetzen; ez dago ondo seme-alaben ogia hartu eta txakurrei botatzea». Baina, emakumeak erantzun zion: «Egia, Jauna; baina txakurkumeek ere jaten dituzte mahaipean umeen apurrak». Orduan Jesusek: «Zoaz, hitz horrengatik atera da eta deabrua zure alabagandik». Joan zen etxera, eta neskatxa ohean etzana aurkitu zuen; deabrua, berriz, alde egina zen.

Markos 7, 24-30.

Jesus Tiroko lurraldeetan ikusten dugu gaurko ebanjelioan, hau da, bere herrialdetxotik haratago. Jesusek ez zituen bere izana eta bere ekintzak bere lurralde txikira mugatu. Jesusek, bere mugetatik haratago joatean, ikasteko aukera ere izan zuen. Bere era eta ohituretatik mugiarazi zuen Feniziako siriarra zen emakumeak.

Jesusen eta emakumeen arteko topaketak oso esanguratsuak dira ebanjelioetan. Topaketa hau adibide argia dugu. Jesusek gauzak era batera egin behar zirela proposatzen dion arren, emakumeari entzun ondoren, aldatu egiten du, onartu eta aldatu egiten du bere jokaera. Jesusek emakume honengandik ikasitakoari esker, aniztasunean irabazten du Jainkoaren Erreinuak, eta horren bitartez Jainkoa mugetatik haratago bilatu eta aurkitzeko aukera ere zabalduko digu.

Marixabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude