HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 8
Aldi hartan, Jesusek jendeari berriro dei egin eta esan zion: «Entzun denok eta ulertu ongi. Ez da ezer, kanpotik gizakiaren barrura sartuz, hau kutsa dezakeenik; barrutik ateratzen zaionak, horrek kutsatzen du gizakia». Jendea utzi eta etxeratu zenean, hitz horien esanahiaz galdetu zioten ikasleek. Jesusek esan zien: «Beraz, ez duzue zuek ere ulertzen? Ez al duzue ikusten kanpotik sartzen zaion ezerk ez dezakeela gizakia zikindu? Sartu, ez baitzaio bihotzean sartzen, sabelean baizik, eta handik komun-zulora doa». Hitz hauekin, janari guztiak garbiak direla adierazi nahi zuen. Eta gaineratu zuen: «Barrutik ateratzen denak, horrek bai egiten duela gizakia zikin. Izan ere, barrutik, gizakiaren bihotzetik, ateratzen dira asmo txarrak, lizunkeria, lapurretak, hilketak, adulterioak, diru-gosea, gaiztakeriak, maltzurkeria, lasaikeria, bekaizkeria, irainak, harrokeria, burugabekeria. Gaiztakeria hauek guztiak barrutik ateratzen dira, eta hauek dute kutsatzen gizakia».
Markos 7, 14-23.
Jesusen garaian, judutarren artean janarien inguruan kezka nabarmena zegoen. Arlo sakratuaren eta arlo profanoaren arteko muga bereizten zuten. Jainkoagana hurbiltzeko edo Harengandik aldentzeko bideak ziren. Ebanjelioak jakiak ulergarriak egiten zaizkigun bikoteen erdian aipatzen dizkigu: kanpoa eta barrua, garbia eta kutsatua, bihotza eta sabela… Erraz ulertzen ditugu ezberdintasunak, sinplifikatu egiten baitute errealitatea. Baina errealitatea hori baino konplexuagoa da. Benetan zerk “kutsatzen” gaituen bereiztea ez da horren erreza izaten eguneroko bizitza honetan. Sakratuaren eta profanoaren arteko mugak adierazten dizkigute gaur egun “bikote” horiek? Guregan zerk edo nork hurbiltzen edo aldentzen gaitu Jainkoagandik eta bere ingurumaritik? Gaur egun ere elikagaien inguruan badago zer esan eta zer entzun. Gaur egun elikagaien inguruan dugun hausnarketak berdintasunerako eta munduaren zainketarako bidean jarriko bagintu, berreskuratuko genuke Jainkoarekiko dugun joera.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments