HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 7
Aldi hartan, bildu ziren Jesusengana fariseuak eta Jerusalemdik etorritako lege-maisu batzuk, eta ikusi zuten, ikasleetako batzuek esku zikinekin –hau da, eskuak garbitu gabe– jaten zutela. Orduan, fariseuek eta lege-maisuek galdetu zioten: «Zure ikasleek zer dela-eta ez dituzte gordetzen zaharren ohiturak, eta zergatik jaten dute esku zikinekin?». Jesusek erantzun zien: «Itxurazaleak! Ederki asko esan zuen Isaias profetak zuetaz. Idatzirik baitago: “Herri honek ezpainez goresten nau, / baina bihotza urruti dauka nigandik. / Hutsa da ematen didaten gurtza, / gizakien agindu diren irakatsiak / irakasten baitituzte”. Jainkoaren aginduak alde batera utzi, eta gizakien ohiturak gordetzen dituzue». Esan zien, gainera: «Bai, Jainkoaren agindua ezeztatzen duzue, zeuen ohiturak gordetzeagatik. Moisesek esana da: “Aintzat har itzazue aita eta ama”; eta “Aita edota ama madarikatzen duenak heriotza merezi du”. Zuek, berriz, hau esaten duzue: “Norbaitek aitari edota amari esaten badio: Nigandik izango zenukeen guztia jauretxeari eskaintzen diot”, halako horri ez diozue uzten aita-amengatik ezer egiten. Honela, Jainkoaren hitza ezeztatzen duzue zeuen ohiturengatik. Eta honelako beste gauza asko egiten duzue».
Markos 7, 1-13.
Berrikuntzen aurrean gure jarrera berrikusteko aukera dugu gaurko ebanjelio hau. Berrikuntzen aurrean jarrera ezberdinak izan ohi ditugu gizakiok. Batzuek berrikuntzen aurrean jarrera ezkorra baino ez dute izaten. Berrikuntza guztiak aurretik izandakoaren etsaitzat dituzte eta baztertu egin behar dira. Beste batzuk, aldiz, berrikuntzak onak direlakoan daude. Berrikuntzak dira behin eta berriro eskuratu behar ditugunak, haiek dakartelako bizimodu hobea. Baina badago beste aukera bat ere berrikuntzen aurrean. Hirugarren jarrera horrek berrikuntzen eta betiko ohituren arteko onurak eta balioak bateratzen ditu eta bide berri bat sortzen du. Tarte hori garrantzia duten premiazko balioak mahai gaineratu eta erabakiak hartzeko tartea litzateke. Jesusentzat, tarte horretan, Jainkoaren Erreinuranzko bideak hartzen du garrantzia. Betiko ohituren eta berrikuntzen artean, anaitasuna, ahizpatasuna, justizia, bakea eta itxaropenaren ildoa zabaltzen dutenak aukeratzen ditu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Hala bedi