HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 6
Aldi hartan, Jesus eta ikasleak, itsasoa igaro ondoren, Genesaretera iritsi ziren eta bertan lehorreratu. Ontzitik atera orduko ezagutu zuen jendeak Jesus, eta lurralde hartan barna joan ziren; eta Jesus nora, haraxe eramaten zizkioten gaixoak ohatiletan. Jesus joaten zen herri, auzo nahiz baserrietan, gaixoak atarietan ipintzen zizkioten. Soineko ertza bederen ukitzen uzteko eskatzen zioten, eta ukitzen zuten guztiak sendaturik gelditzen ziren.
Markos 6, 53-56.
Ebanjelioko atal guztietan jendeak inguratuta aurkitu dezakegu Jesus. Gauza askoren esperoan hurbiltzen gatzaizkio Jesusi. Jesusengana hurbiltzea, Markosen arabera, sendatzeko aukera bat zen. Ezagutzen ditugu baita, Jesusengana hurbildu eta bizitza handiagotu beharrean, txikiagotu egiten dutenak ere. Erlijioa opiotzat dutenek arrazoiak dituzte hori esateko. Hurbiltzea esperientzia askatzailea dela esaten dugunok ere baditugu arrazoiak. Jesusengana hurbildu eta bizitza galdu arte bizi dutenek, adibidez. Zertan datza, bada, Jesusengana hurbildu eta sendatua izatea? Ebanjelioak berak dakarkigu horren erantzuna: beharrizanean dauden pertsonak norberaren bizitzako erdigunean jartzea, bizitzari konfiantzaz aurre egitea gizartearen eraikuntza guztion proiektutzat hartzea. Jesusenganako hurbilketen memoria egin dezagun geure baitan. Memoria horrek zer dakarkigu? Esker ona? Oroimina? Miresmena? Askatasuna? Gizatasun sendoagoa? Senideen artekoagoa izango den gizarte baten aldeko grina?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments