HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 5

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Zuek zarete lurraren gatza. Baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? Ez du jadanik ezertarako balio, kanpora bota eta jendeak zapaltzeko baizik. Zuek zarete munduaren argia. Ezin daiteke ezkuta mendi gainean dagoen herria. Kriseilua ere ez da pizten lakaripean ipintzeko, argimutilaren gainean ipintzeko baizik, etxeko guztiei argi egin diezaien. Era berean, zuen argiak denen aurrean egin behar du argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten».

Mateo 5, 13-16.

Kristauok dei argi eta garbia dugu hemen: eguneroko bizitzan Aitaren Erreinua egi bihurtzeko tresna ezinbestekoak gara. Honek bitartekari bilakatzen gaitu. Jaunaren bitartekari.

Gatzari erreparatzen badiogu, ikus dezakegu gure elikagaietan edo uretan desagertu egiten dela. Gatzontzian hain txuri dena, ikustezin bilakatzen da. Baina bere presentzia nabaria da dagoen tokian dagoela. Desagertu egiten da bere onurak agertzeko. Besteak indartu, besteengana heldu eta haiei eskaini bere zaporea: hori da gatzak egiten duena.

Beste horrenbeste gertatzen zaigu argiarekin. Nahikoa da argi pittin bat iluntasunean, honen indarra edozein zirrikitotatik sartzeko eta gauzak eraldatzeko.

Hona hemen gaurko gonbita: utz gaitezen Jaunaz betetzen, Berak gu har gaitzan eta besteen onena ateratzen lagun gaitzala. Ezkutuan, umiltasunean, gure esentziara helduz Bere erreinua egunerokotasunera ekarriz, besteen zerbitzura jarriz.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude