Atean nauzu deika (Ap 3, 20)

2023 Ots 2

Nire gogoetetako batean ondorengo baieztapena idatzi nuen: “kristaua agintzariaren ostatu da”. Agidanez, “ostatu” hitzaren erabilera hori arraro samarra da.
Orotariko Hiztegian begiratu dut eta adiera horrek ez du tradiziorik. Dena den, “ostatu” hitzaren sarreran, Euskaltzaindiaren hiztegiak, besteak beste, honako erabilera hau dakar: “(Gauza abstraktuez mintzatuz) Jainko handiak ene baitan hartu du ostatu”.
Zer pentsatua eman dit.
Jainko hitza beti sinbolikoa da; berari buruz erabil dezakegun edozein sinbolotan (eta, aukeran, asko daude) ezberdintasuna askoz ere handiagoa da berdintasuna baino, klasikoek diotenez. Beste modu batean esanda, Jainkoa ez da kontzeptu bat, bizipen bat baizik, kontzeptuetan nekez (ezinez) jaso daitekeen bizipena, alegia. Bizipen horren oinarria harremana da, gizaki izatearen esentzia ere harremanei lotua baita.
Badugu esperientzia harreman mota guztiak ez direla onuragarriak; hori ere gerta dakiguke Jainkoarekin “bilbatzen”[1] dugun harremanean: harremanak, sarri askotan, indarrak neurtzeko borroka-gune dira.
Nolabait (hizkera sinbolikoan beti), Jainko izendaezinak ostatu eskatzen digu Nazareteko profetaren bizitzan. Hori da, hain zuzen ere, Eguberrian ospatzen duguna; hori da Jesusen ibilbidean behin eta berriro sinbolizatzen dena: Jainko eskalea! Gurutzea (pazkoa) Jainko eskale horri ostatu eman nahi ez dion gizadi gaixo baten sinbolo mingarria da.
Apokalipsiaren txatal horrek (3, 20) ederto batean laburbiltzen du hori guztia.

[1] Euskaltzaindiaren hiztegian agertzen diren esanahi ezberdinak (kontajarriak?) oso esanguratsu iruditzen zaizkit testuinguru honetan: 1) Kontakizun bat edo kideko bat ondu; kontakizun bat osatzen duten elementuak bata bestearekin lotu. 2) Engainu bat edo azpikeria bat trebeki edo hainbat trikimailu erabiliz prestatu.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Eskerrik asko Luzio! Zein sugerentea den ostatu ematearena. Ostatu ematen diogu promesa bati, eta horrek berekin dakar munduan egoteko modu bat: irekitasuna, harrera, bakea… Nola ez da ba hala izango, jatorrian ostatu emateko eskaera horri baizkoa badago!

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude