HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 31
Aldi hartan, Jesus itsasoaz bestaldera itzuli zenean, jende-talde handia bildu zitzaion. Oraindik itsaso ondoan zegoela, sinagogako buruzagietako bat etorri zen, Jairo zeritzana; Jesus ikustean, honen oinetan ahuspezturik, arren eta arren eskatzen zion: «Alabatxoa hilzorian dut; zatoz haren gainean eskuak ezartzera, senda dadin eta bizi». Jesus harekin abiatu zen. Jende asko zihoakion ondoren, estutzen. Bazen han emakume bat, hamabi urte haietan odol-jarioz zegoena. Hamaika sendagileren eskuetan jasatekoak jasana zen, eta bere ondasun guztiak ere horretan emanak zituen; baina sendatu beharrean, gero eta okerrago zihoan. Jesusen berri entzunda, jende artean atzetik joan eta jantzia ukitu zion, honela baitzioen, bere artean: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz». Une berean odoljarioa gelditu zitzaion, eta gaitza sendatua zuela sumatu zuen bere gorputzean. Berehala antzeman zion Jesusek halako indar bat atera zitzaiola barnetik eta, jende artean itzulirik, galdetu zuen: «Nork ukitu dit jantzia?». Ikasleek erantzun zioten: «Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi, eta nork ukitu zaituen galdetzen duzu?». Baina Jesus ingurura begira zebilen, nork egin ote zion hori. Orduan, emakumeak, beldurrez dar-dar –ongi baitzekien zer gertatu zitzaion–, oinetara erori eta egia osoa aitortu zion. Baina Jesusek esan zion: «Alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta sendatua bekizu gaitza». Oraindik hizketan ari zela, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziren, esanez: «Hil zaizu alaba. Zertarako eman neke gehiago Maisuari?». Baina Jesusek, hitz horiek entzunik, sinagogako buruzagiari esan zion: «Ez izan beldurrik; zuk sinetsi!». Ez zion inori ere berekin joaten utzi, Pedro, Santiago eta honen anaia Joani izan ezik. Sinagogako buruzagiaren etxera iristean, ikusi zuen Jesusek hango istilua, jendea negarrez eta garrasika. Sartu eta esan zien: «Zer dela-eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatxa ez dago hilda, lo dago». Haiek barre egiten zioten. Baina Jesusek denak kanpora bidali zituen eta, neskatxaren aita-amak eta berekin zituenak harturik, neska zegoen tokira sartu zen. Neskari eskutik heldu eta esan zion: «Talitha, kum» (hau da: «Neskatxa, zuri diotsut, jaiki»). Berehala zutitu eta ibiltzen hasi zen, hamabi urte bazituen eta. Jende guztia harri eta zur gelditu zen. Jesusek zorrotz agindu zien inork ere ez zezala jakin. Eta neskatxari jaten emateko esan zien.
Markos 5, 21-43.
Jesus biosanitarioa? Jesus petrikiloa? Jesus “influecer”-ra jende artean?
Gaur egun pasarte honen irakurketak hainbat galdera sor ditzake guregan. Nor zen Jesus eta nola ezagutuko genuke gaur egun honelako gertaeren aurrean ikusiko bagenu? Nola interpretatu hau dena?
Argi dago jendearen fede itzelak Jesusengana zuzentzen dituela eta haiek ez dute inongo azalpen arrazional edo zientifikorik behar. Nolakoa izango zen Jesusenganako sentitzen zuten erakarpena? Bere arropa ikutzeak soilik, nahiko kontsolamendu ematen dio urteetan gaixorik egondako emakumeari. Sinagogako buruzagiak berak ere ez du zalantzarik Jesusengana joaten eskatzeko bere alabatxoari eskuak ezartzea.
Jesus sentibera agertzen zaigu hemen: “Nork ukitu nau? Hainbeste jende artean…”. Jesus erne dago bere inguruan zer gertatzen den, nahiz eta nahastea izan eta jendetza ibili.
Jesus ekintzailea agertzen zaigu hemen: eskuak ezartzen dituena, bedeinkatzen duena, pertsonak ondo sentiarazten dituena.
Jesus errukitsua agertzen zaigu hemen: eskutik heldu eta “Talitha, kum” esaten duena, jaikitzera, beldurrik ez izatera deitzen duena.
Agian bere hiru ezaugarri hauek begiratuz, imajina dezakegu Jesusen irudia nola izan zitekeen gaur egun: sentibera, ekintzailea, errukitsua.
Eta ni, bere antzekoago izatera ausartu naiteke?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments