HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 30

Aldi hartan, Jesus eta ikasleak itsasoaz bestaldera joan ziren, gerasatarren lurraldera. Jesus ontzitik jaitsi zeneko, espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat atera zitzaion hilobi artetik bidera. Hilobietan bizi zen, eta ezin zuen inork lotuta eduki, ezta kateaz ere; askotan lotua zuten girgiluz eta katez, baina hark kateak hautsi eta girgiluak puskatu egiten zituen, eta ez zen inor ere hura menperatzeko gauza. Gau eta egun, hilobi artean eta mendiz mendi ibili ohi zen etengabe, marrumaka eta bere burua harriz zauritzen. Urrutitik Jesus ikustean, lasterka joan eta aurrean ahuspeztu zitzaion. Eta oihu handiz esan zion: «Zer duzu nirekin, Jesus, Goigoiko Jainkoaren Seme horrek? Jainkoarren, ez nazazu oinazetu». Izan ere, Jesusek honela agindu zion: «Atera gizon honengandik, espiritu gaizto hori!». Orduan, Jesusek galdetu zion: «Nola duzu izena?». Hark erantzun: «Taldea, asko gara eta». Eta arren eta arren eskatzen zion, ez zitzala lurralde hartatik kanpora bidal. Txerri-talde handia zebilen mendi inguru hartan, uxarrean. Espiritu gaiztoek eskatu zioten Jesusi: «Bidal gaitzazu txerrietara, beraietan sar gaitezen». Hark baimena eman zien; orduan, espíritu gaiztoak gizonagandik atera eta txerrietan sartu ziren, eta txerri-taldea ezpondan behera itsasora amildu zen; bi milaren bat txerri ito ziren. Txerrizainek ihes egin eta gertatuaren berri zabaldu zuten herrian eta auzoetan; eta jendea, zer gertatu zen ikustera etorri zen. Jesusengana iristean, han ikusi zuten deabruduna, eserita, jantzirik eta bere onean, lehen deabru-taldearen menpe zegoen huraxe bera, eta biziki izutu ziren. Ikusi zutenek deabrudunari gertatua eta txerriena kontatu zieten. Orduan, beren lur-mugetatik alde egiteko eskatu zioten Jesusi. Jesus ontzira igotzean, deabrudun izanak arren eskatzen zion berarekin ibiltzen uzteko, baina Jesusek ez zion utzi; esan zion, ordea: «Zoaz etxera, zeure senitartera, eta jakinarazi Jaunak, zutaz errukiturik, egin dizun guztia». Joan zen, bada, eta Jesusek egin ziona hots egiten hasi zen Dekapolisko lurraldean. Denak harriturik gelditzen ziren.

Markos 5, 1-20.

A zer atsekabe eta ezinegona sorrarazten digun pasarte honek bere lehen zatian: espiritu gaizto baten menpe zegoen gizona ageri zaigu, ezin zuena inork lotuta eduki, ezin zena inolaz ere menperatu, mendiz mendi eta hilobi artean bizi zena eta bere burua harriz zauritzen…

Gizona bera, aldiz, ez zen bere egoera makur honetan gu baino hobeto sentituko hau irakurtzen dugun bitartean. Gizona Jesusengana hurbildu eta ahuspeztu zitzaion, Jesusek erakarrita eta aldi berean beldurtuta sentitzen zelarik.

Baliteke gu ere noizbait gizon honen antzera sentitu izana. Gure ahuldadean zenbaitetan oso trinko heltzen gaituzten kateak sentitzen ditugu, gure burua laberinto eta hilobitan sartzen dugu, zenbaitetan noraezean gabiltza eta geure buruari mina ematen diogu gure pentsamendu edota ekintzekin.

Jesusen presentziak orain ere, askapen historia dakarkigu. Jesusek sendatzen du, muturreko egoeretara heltzen da, askatzen gaitu eta gure taldera eta tokira itzultzeko esaten digu berriturik gaudenean.

Agian gaurko pasartearen harira, geure buruari galde diezaiokegu ea zein katek lotzen gaituzten edo zenbateko mina eragiten diogun guk geuk gure buruari. Zein forma hartzen dute gu hilobira eramaten gaituzten pentsamendu edo ekintzek?

Eta gizon honek bezala, guk ere korrika egiten dugu Jesusengana laguntza eske, berak senda gaitzakeela erabat fidaturik?

Azken finean, pasarte honek gogorarazten digu beregan erabateko konfidantza jartzen badugu, sendabidea etorriko zaigula, hasperen sakon bat egingo dugula gure armak jaitsiz eta lortuko dugula benetazko askapena.  Jainkoaren maiteak garelako eta bere errukia eta maitasuna gure edozein muga baino handiagoak direlako.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude