HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 28

Egun hartan, ilunabarrean, Jesusek esan zien ikasleei: «Goazen uraz beste aldera». Eta jendea utzi eta ontzian eraman zuten, zegoen bezala. Beste ontzi batzuek ere jarraitu zioten. Haize-ekaitz handia sortu zen, eta ontzi barruraino sartzen ziren ur-palastak, ontzia ia betetzeraino. Bera, berriz, txopan, burko gainean lo zegoen. Esnarazi eta esan zioten: «Maisu, galtzera goaz, eta ez al zaizu axola?». Orduan, jaikirik, agindu zion haizeari eta itsasoari esan: «Ixo! Hago geldi!». Gelditu zen haizea, eta barealdi handia sortu zen. Gero, esan zien: «Zergatik zarete horren beldurti? Ez al duzue oraindik sinesmenik?». Eta harriturik gelditu ziren, eta elkarri ziotsaten: «Nor dugu, ordea, hau? Haizeak eta itsasoak ere obeditzen baitiote!».

Markos 4, 35-40.

Imajinatu zure herrialdea gerran dagoela. Zu eta zure familia etxean zaudete etsaien hegazkinetatik jaurtitako bonben soinuek zuen belarriak goritzen dituzten bitartean. Badakizu edozein unetan hil zaitezkeela, eta bizi dituzun ezintasunak, larritasunak eta izuak sufrimendu handirik gabe dena lehenbailehen bukatzea ia hobe dela sentiarazten dizute. Une horretan bertan Jesus agertzen da eta «Zergatik zarete horren beldurti? Ez duzue oraindik sinesmenik?» galdetzen digu. Gauzak lasai eta bakean ez daudenean zaila da sinestea eta fidatzea. Gaitza eta sufrimendua ateismoaren arrokak eta zutabeak izatea ez da harritzekoa. Izan al gaitezke fededunok tragedia, izua eta etsipenaren erdian? Gaurko Ebanjelioak fedea, batez ere, Jaungoikoaren dohaina dela, jasotzera deituak garen grazia dela irakatsi nahi digu.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude