HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 23

Aldi hartan, Jerusalemetik jaitsitako lege-maisuek hau zioten Jesusi buruz: «Beltzebu dauka honek barruan», eta «Deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu deabruak». Jesusek Beregana deitu eta parabola hauen bidez hitz egin zien: «Nola dezake Satanasek Satanas bota? Bere baitan zatiturik dagoen erreinuak ezin du iraun. Bere baitan zatiturik dagoen familiak ezin du iraun. Era berean Satanasek ere, bere buruaren aurka jaiki eta zatiturik badago, ezin du iraun; harenak egin du. Ez daiteke inor indartsu baten etxean lapurretara sartu, aldez aurretik hura lotzen ez badu; orduan, bai, harrapa ditzake haren etxeko ondasunak. Benetan diotsuet: Dena barkatuko die Jainkoak gizakiei, bekatuak eta esan litzaketen birao guztiak; baina Espiritu Santuaren aurka birao egiten duenak ez du sekula barkamenik izango: errudun izango da betiko». Espiritu gaiztoa zeukala ziotenei eman zien erantzun hau.

Markos 3, 22-30.

 Niri iruditzen zait gaurko testu ebanjelikoa ustelkeriari buruz  ari zaigula. Bihotza beste interes eta motibazio batzuez ustelduta eduki behar da Jesusek deabrua bere baitan daukala esateko. Egia esan, alde handia dago bekatari eta ustel izatearen artean. Eta zein da bekatuaren eta ustelkeriaren arteko alde hori? Bekataria gaizkia egiten duen pertsona da; ustela, berriz, gaizkia besarkatu eta gaizkiarekin ezkontzen dena. Denok gara bekatariak, baina denok ez gara ustelak. Jesusek dio bekatu barka-ezin bakarra Espiritu Santuaren kontra egiten dena dela. Zer bekatu mota da hori? Gaizkian eta gaiztakeriarako bizitzeko hautua, ustelkeriarena. Ez da kasualitatea hori deabrutzat jotzen zutenei esatea. Jainkoa ustelkeriaren aurka agertzen zaigu, eta bere Herriak leial izan behar du Jainkoaren atributu horrekin.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude