HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 22

Joan Bataiatzailea kartzelan sartu zutela jakin zuenean, Jesus Galileara baztertu zen. Baina, Nazaret utzirik, itsasbazterrean dagoen Kafarnaumen jarri zen bizitzen, Zabulonen eta Neftaliren lurraldean. Horrela bete zen Isaias profetak esana: «Zabulonen lurraldea eta Neftaliren lurraldea, itsasbidea, Jordanez beste aldean, jentilen Galilea. Ilunpean bizi zen herriak argi handia ikusi zuen; heriotzalean bizi zirenei distira egin zien argiak». Ordutik hasi zen Jesus hots egiten: «Bihotz-berri zaitezte, hurbil da-eta Zeruetako Erreinua». Jesusek, Galileako itsasbazterrean barna zebilela, bi anaia ikusi zituen, Simon, Pedro deitua, eta haren anaia Andres, sareak itsasoan botatzen, arrantzaleak baitziren. Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin, eta giza arrantzale egingo zaituztet». Haiek, berehala, sareak utzi eta jarraitu egin zioten. Aurreraxeago, beste bi anaia ikusi zituen, Santiago eta haren anaia Joan, Zebedeoren semeak, aitarekin ontzian sareak konpontzen; eta dei egin zien. Haiek, berehala, ontzia eta aita utzirik, jarraitu egin zioten. Galilea osoan barna ibili zen Jesus, hango sinagogetan irakasten, erreinuari buruzko Berri Ona hots egiten eta herrian gaitz eta eritasun guztiak sendatzen.

Mateo 4, 12-23.

Giza harremanak konplexuak dira; biografia bakoitzaren ibilbidean, zenbat faktore, zenbat baldintza psikologiko eta kultural!

Eliza harreman multzo erraldoia da, komunioa deitzen duguna; zalantzarik gabe konplexua eta sarri askotan kontraesankorra iruditu dakigukeena.

Eliza osatzen duen harremanen ibai zabala ulertzeko modu bat iturburura bueltatzea da. Iturburu horretan, harreman eta gonbit bihurtzen den bizipen bitxi batekin egiten dugu topo . Hasierako bizipena Jainkoaren erregetzari lotua da, Jesusek sentitzen duen moduan: Jainkoaren ametsa eta dohaina, giza bizipozaren benetako iturria.

Jainkoaren erregetza bera harreman mota bat da, Jesusek bere baitan esperimentatzen duena eta bere ingurukoei proposatzen diena. Horrela, itsasbazterrean, giza historiaren iluntasunean, hasierako komunitatea osatzen du Jesusek. Komunitateko kideen harremanek adierazten dute modu sinbolikoan Jainkoaren erregetza, Jainkoaren presentzia eta nahia. Komunitate horrek, Jesusi estu-estu itsatsita, Berri Onaren lekuko izateko deia jasotzen du, herri minduan gaitz eta eritasun guztiak sendatzeko deia.

Ur bizi gardenetako iturburua, zeinetara Elizak itzuli behar duen krisialdi (krisalida) bakoitzean.      

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude