HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 20

Aldi hartan, Jesus mendira igo zen; nahi zituenei dei egin zien, eta harekin joan ziren. Bere lagun egin zituen hamabi, predikura bidaltzeko, eta deabruak uxatzeko ahalmena eman zien. Honela eratu zuen Hamabien taldea: Simon –Pedro izena ipini ziona–, Santiago Zebedeorena eta Joan, haren anaia –Boanerges izena ipini zien, hau da, Trumoikume– Andres, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas eta Santiago Alfeorena, Tadeo, Simon kanaandarra, eta Judas Iskariote, salduko zuena bera.

Markos 3, 13-19.

Mendia leku geografiko bat ez ezik, espazio sinboliko ere bada: Jainkoarekin topo egiteko aukera berezia. Jainkoaren bila dabiltzanak mendiko bakardadera igotzen dira Jainkoaren nahia ezagutzeko.

Mendiaren inguru sinbolikoan Jesusek aditzera ematen du Jainkoaren nahia: gizadi guztia familia izatea nahi du. Gizaki guztiak senide dira eta senidetasun hori hamabien aukeran sinbolizatuta dago. Hortik dator Jesusek osatzen duen komunitatearen izaera eta zeregina: haren lagun izatea eta deabruak uxatzea, hots, sufrimendua erauztea. Horixe baino ez da Elizaren izaera eta misioa.

Sinodalitatean dagoen Eliza hau Jesusek berriro gonbidatzen du mendira igotzera bere izaera eta misioa gogoratzeko, hasiera hasieratik bat eta bera dena.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude