HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 19

Aldi hartan, Jesus itsasertzera baztertu zen ikasleekin, eta jendetza handiak jarraitu zion Galileatik. Egiten zituenak entzunik, jendetza handia bildu zen harengana Judeatik, Jerusalemdik, Idumeatik, Jordanez beste aldetik, eta Tiro eta Sidongo inguruetatik. Ikasleei esan zien, ontzi bat prest edukitzeko harentzat, jendetzak zapaldu ez zezan. Izan ere, asko sendatu zituen, eta gaitzik zuten guztiak gainera zihoazkion, bera ukitu nahian. Hura ikustean, espiritu lohiak ahuspez jartzen zitzaizkion aurrean, oihuka eginez: «Jainkoaren Semea zara zu». Baina, hark zorrotz agindu zien, ez agertzeko bera nor zen.

Markos 3, 7-12.

Jesus Jainkoaren Semea da, Jainkoaren Hitza, Jainkoaren nahia. Haren benetako izaera, komunikazioa eta misioa haren ekintzetan agertzen ziren eta haren ekintzek (seinaleak eta mirariak) jende asko erakartzen zuten, ondo asko erakusten baitzuten Jesus Jainkoaren Semea zela. Logika biribila da. Baina, orduan, zergatik azken baina? Jesusek, zergatik agintzen zuen zorrotz bera nor zen ez agertzeko? Bera Jainkoaren Seme ahaltsua zela agertzea ez ote zen helburua?

Beharrak eramaten du jendea Jesusengana; jendearen beharrak hunkitzen ditu Jesusen erraiak. Baina, antza denez, Jesusekiko harremanaren bila dabilena gaizkiulertu larrira eraman dezake logika horrek. Jainko-irudi hori ondo datorkio pertsona erlijiosoari bere ezintasunak eta ahuleziak gainditzeko, baina (hona hemen gakoa), aldi berean, Jainkoa idolo bihurtu daiteke erraz samar, hots, pertsona erlijiosoaren desirek osatutako idoloa.

Soilik Jesus Jerusalemera lagunduko duenak, bere gurutzearen ezintasunean iraungo duenak ulertuko du Jainkoak Jesusengan eskaintzen digun miraria, bizi osoa eta betea dakarrena.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude