HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 18

Aldi hartan, sartu zen berriro Jesus sinagogan, eta han, beso ihartua zeukan gizon bat zegoen. Begira zegozkion Jesusi, larunbatez sendatuko ote zuen, zertan salatu izateko. Jesusek gizon beso-iharrari esan zion: «Jaiki zaitez eta zatoz denon erdira». Eta han zeudenei galdera egin zien: «Larunbatez zer da zilegi, on egitea ala gaitz egitea? Bizia salbatzea ala hiltzen uztea?». Baina haiek isilik zeuden. Orduan, ingurukoei haserre begiratuz, haien bihotzaren gogorrez mindurik, esan zion gizonari: «Luzatu beso hori». Luzatu zuen, eta bere onera etorri zitzaion besoa. Orduan fariseuek handik atera eta herodestarrekin batzar egin zuten, Jesus nola galduko.

Markos 3, 1-6.

Sentimenduak oso inportanteak dira gure giza izaeran. Haserrea eta minduta sentitzea oso gizatiarrak dira. Haserrealdietan paperak galtzen ditugu; minak gainezka egitean, gure onetik irteten gara, erreka uholdetan nola.

Ebanjelioko narrazioek Jesusen sentimenduen berri ematea ez da usu gertatzen, baina noizean behin agertzen da. Jesusek zer sentitzen zuen jakitea ez da bigarren mailako informazio kuriosoa; Jesusen nortasunaz mintzatzen zaigu eta Jesusen izaera horrek zerbait adierazten digu Jainkoaren izaeraz. Jesusen sentimenduak, bere hitzak bezala, Jainkoaren errebelazio dira gure artean eta guretzat; ez da Jainkoari buruzko doktrina-informazio abstraktua, gizadiaren salbazioari lotua den zerbait baizik, hots, gure bizipozari lotua. Jesus mintzen eta haserretzen duena ez da bera txarto tratatua sentitzea, gizakiak duen sufrimenduaren aurrean bihotza gogortzen (gotortzen) dela ikustea baino. Jesusekin batera, gizakien sufrimenduek gure bihotzak hunkitu ditzatela!

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude