HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 17
Bazihoan Jesus larunbat batean gari-soroetan barna, eta ikasleak galburuak mozten hasi ziren bidenabar. Fariseuek esan zioten: «Adizu, nolatan egiten dute larunbatean, zilegi ez dena?». Eta hark esan zien: «Ez al duzue inoiz irakurri Davidek egin zuena, bera eta bere gizonak beharraldian eta goseak gertatu ziren batean? Jainkoaren etxean sartu baitzen, Abiatar apaiz nagusi zela, eta apaizari ez beste inori jatea zilegi ez zaion eskaintzako ogiak jan zituen, eta, gainera, lagunei eman». Eta esan zien: «Gizakiarentzat egina da larunbata, eta ez gizakia larunbatarentzat. Beraz, Gizonaren Semea bada larunbataren nagusi ere».
Markos 2, 23-28.
Sarri askotan, pertsona erlijiosoak sakratuaren sentimendu sakona du eta sakratutzat jotzen duena errespetu handiz hartzen du. Sakratutasunaren sentimendu horrek gizateriaren historia eta kultura zeharkatu ditu garai guztietan. Testu honek erakusten digu Jesusengan ere agertzen dela sentiberatasun hori. Baina, beharbada, Jesusek transmititzen duena ez da pertsona erlijiosoak espero lezakeena. Sakratuena ez da tenplua, aldarea, eskaintzeko ogia, apaiza edo denbora berezia (larunbata). Bide batez, esan dezagun Jesusek ez dituela leku eta sinbolo horiek mespretxatzen, baina bere sentiberatasunak iraultza bat proposatzen dio sentiberatasun erlijiosoari: gizakia, gizakiaren bizi betea da altxor preziatuena eta sakratuena. Gizakia da Jainkoaren tenplurik handiena, ederrena, sakratuena. Gizakiarengan jauretsia izan nahi du Jainkoak. Gizakia da Jainkoarekin topo egiteko lekurik aproposena, batez ere, bere bizia mespretxatua, bortxatua, madarikatua denean. Hortaz, gizaki oro Jainkoaren tenplu sakratua bada, gizaki baztertua eta mindua Jainkoaren katedrala.
Itzela da noraino garen gai Jainkoa mespretxatzeko gure gaurko historia lazgarri honetan!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments