HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 16

Aldi hartan, Joanen ikasleek eta fariseuek barau-eguna zuten batean, etorri ziren batzuk eta esan zioten Jesusi: «Joanen ikasleek eta fariseuen ikasleek barau egiten dute, eta zure ikasleek zergatik ez?». Jesusek erantzun zien: «Barau egin al dezakete eztei-lagunek, senar berria berekin duten bitartean? Ez dezakete baraurik egin, senar berria berekin duten bitartean. Etorriko da senar berria kenduko dieten eguna; orduan bai, egun hartan egingo dute barau. Ez dio inork josten jantzi zahar bati oihal gordinezko adabakirik; adabakiak tira egiten baitio jantziari, oihal berriak zaharrari, eta handiago egiten da zarrastada. Ez ditu inork ardo berriz betetzen zahagi zaharrak; ardoak lehertu egiten baititu zahagiak: ardoa eta zahagiak, denak galtzen dira; horregatik, ardo berria zahagi berritan».

Markos 2, 18-26.

Bizipozak erakartzen eta elkartzen du gizadia; bizipozaren desira partekatua da leku eta garai guztietan. Hain zuzen ere, ezteia, jantzi berria, ardo berria bizipozaren bizipen preziatua adierazten duten sinboloak dira.

Kristau fedea harreman batean oinarritua dago; harreman hori da, beren-beregi, biziaren egarri bizia asetzen duen ura: Jesus.

Ospatu beharra dakar harreman horri lotua izateak. Oinarri-oinarrian fedea, hots, harreman horren bizipena, jaia eta ospakizuna da.

Kristauak eztei-lagunak gara, mahai jori batera gonbidatuak. Munduko barau eta arau orok ezin dute mahai hori osatu, ezin dute ezteiaren alaitasuna ekarri, gonbita doakoa baita.

Ezin dugu gonbita onartu eta jantzi zaharrekin joan. Ahaztu ditzagun gure eskema zaharrak eta neurtzeko moduak! Ikasi ditzagun dantza berriak! Gozatu dezagun harreman emankor hau!

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude