Markosen liburuko bigarren eta hirugarren kapituluek diszernimendu latza planteatzen digute, irtenbide erraza ez duena: arauaren beharra eta, aldi berean, arauaz aske bizitzea.
Fariseuak ez dira Jesusen etsaiak, ez dira hipokresiaren sinboloa, ez dira erlijio usteldua. Fariseuek arrazoia dute: araurik gabe giza bizia endekatu egiten da, kaos bihurtzen da, ezina da. Arauak ez errespetatzea larrutik ordaintzen dugu. Arau justuaren araberako gizarte ordenatua oso indartsua da eta orden horrek gizabanakoaren ibilbidea lasaiago, ziurrago eta argiago bihurtzen du. Pertsona erlijiosoak beti pentsatuko du badagoela nolabaiteko harremana bere bizitza ordenatzen duten arauen eta Jainkoak duen borondatearen artean.
Jesus ez dago arauen kontra, ez doa legea ezabatzera. Kristau fedean aitortzen dugu Jesusek oso ondo ezagutzen duela Jainkoaren (izendaezina dena) borondatea: gizakiaren bizia da, hain zuzen ere, Jainkoaren loria. Beste modu batean, gizakia da Jainkoaren tenplu sakratua, espaziorik sakratuena. Sakratu hori errespetatzen ez duen araua Jainkoaren kontra doa. 2023. urteko gizadia arautzen duten legeek sekulako giza sufrimendua eta kontaezin ahala heriotza dakartzate, baina lege esparrurik gabe ezin gara bizi.
Jesusek gogoratzen digu arau sakratuak errespetatzea oso inportantea dela, baina araurik sakratuena gizakiaren bizi betea bilatzea dela. Diszernimendu horrek gurutzera eraman zuen Jesus.
0 Comments