HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 14
Aldi hartan, itsasbazterrera atera zen berriz ere Jesus, eta gizatalde osoa berarengana zihoan, eta irakasten ari zitzaien. Bidez zihoala, Alfeoren seme Lebi ikusi zuen, zergalarien mahaian eseria, eta honela esan zion: «Jarrai niri!». Hark zutitu eta jarraitu egin zion. Jesus Lebiren etxean mahaian zegoela, zerga-biltzaile eta bekatari asko ere mahaian eseri ziren, Jesusekin eta haren ikasleekin; asko baitziren atzetik zihoazkionak. Fariseuek eta lege-maisuek, bekatari eta zergalariekin jaten ari zela ikustean, hau esan zieten haren ikasleei: «Nolatan jaten du zergalari eta bekatariekin?» Hori aditzean, Jesusek esan zien: «Ondo daudenek ez, baino gaixo daudenek behar dute sendagilea. Ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik».
Markos 2, 13-17.
Jesusenganako hurbiltzea apaltasunetik sortzen da. Guk, guri lotuak dauden usteak, gure lorpenak, bazter utzita soilik zabal dezakegu zinez Jesus den Itxaropen Iturria. Jesusentzat duin ez garela uste dugunean, egindu jada eta egiazki erro gugan bere presentziak. Ekimena, aurretiazko gonbita, beti Berarena izango da. Berez, ez gara inor Jesusengana hurreratzeko; aldi berean baina, horretara duinarazten gaitu Jesusek; horretan datza bere handitasuna, Berarenganako duin bilakatzen gaituela. Berarengan zinez sinestea da mirari horretarako atea.
Bihotz apaltasuna dugu ezinbesteko aurre-baldintza Jesusen Mezuak, bere presentziak eta bere Espiritu sendagarriak eraldatu eta barne-har gaitzaten. Benetako barne apaltasunak garamatza Berari harrera zintzo eta egiazkoa egitera. Berari jarraitzea Berak har gaitzan uztea da, eta hortaz Berak aurrez gurekin egindakoari segida ematea.
Bihotz-apaltasunerako deia pasarte honetan zeharbidez, esan gabe-edo, agertzen zaigu. Izan ere, nola ulertu bestela, beren esanahi sakonenean, «Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik; ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik» hitz hauek? Ba al dago zinez osasundunik? Ba al dago zinez bekatu gabekorik? Edota bestela formulaturik, ba al legoke Jesusen beharrik izan ez, eta beregaina litzatekeenik? Ez al zaigu Jesus esaten ari “osasundun”, “bekatugabe” diren horiek, beren handiustean, euren burua jainkotudutela?
Gorago esan bezala, Jainkoarenganako atea nork bere burua ez duin (ez ‘Jainko’) onartu eta aitortzearen ondorioz baino ez zaigu zabalduko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments