HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 13
Zenbait egunen buruan itzuli zen berriro Jesus Kafarnaumera, eta etxean zegoeneko hotsa zabaldu zen. Jendetza handia bildu zen, ate aurrean ere lekurik ez izateraino. Eta Jesusek hitza adierazten zien. Eta han etorri ziren lau lagun, elbarri bat zekarkiotela. Baina, jendetzagatik ezin baitzuten sartu, Jesus bera zegoen aldean teilatua altxatu, zulo bat egin eta eraitsi zuten elbarria, etzanik zegoen esku-ohean. Jesusek, haien sinesmena ikusirik, honela esan zion elbarriari: «Seme, barkatuak dituzu bekatuak!» Bazeuden han eseririk lege-maisu batzuk, eta beren baitan zioten: «Zer ari da hau biraoka? Nork barka ditzake bekatuak, Jainkoak baizik?» Baina Jesusek beren barruan haien gogoetak igarri eta hau esan zien: «Zer burutapen darabilkizue zeuen bihotzean? Zer da errazago elbarriari esatea «Barkatuak dituzu bekatuak» ala «Jaiki zaitez, hartu ohatila eta zoaz?» Hara, bada, jakin dezazuen Gizonaren Semeak baduela lurrean bekatuak barkatzeko ahalmena –esan zion elbarriari–: «Zuri diotsut: jaiki zaitez, hartu ohatila eta zoaz etxera!»
Markos 2, 1-12.
Fedearen elkarte-bizipena da azpimarratzekoa hemen. Lau pertsonen artean eramana zen elbarria Jesusengana. Ez arrakasta handiz baina, zegoen jendetzagatik. Hori horrela, seguruenera beste zenbait lotuko zitzaien, zenbaitzuen trebezia handia beharko zen-eta teilatua eta guzti zulatzeko. Topaketa, hortaz, bitarikoa da, elbarria eta Jesusen artekoa, bateko, baina horretaratu zutenak ere hor zeuden, besteko. Beraien, zeuden haien guztien sinesmenak, Jesusen bitartez, sendarazi zuen elbarria.
Egoeraren ezaugarriek eta xehetasunek esateko asko dute. Izan ere, teilatu apurtze delako hori, arrakalatze hori, ez al da aldagarria gure bihotza irekitzearekin, Jesusengana hurbiltzea eragozten diguten uzkurtasun eta defentsa mekanismo guztiak eraistearekin?
Azkenik, beste hainbatetan bezala, Jesusen Hitza sendagarria jartzen zaigu hemen erakutsian. Gorputza eta arima bat eginiko errealitatea garela agerian jarrita. Jesusek arima artatzen dio aurrena elbarriari, bekatuak barkatuz hain justu. Agian elbarriak gorputzekoa izango zuen kezkagai nagusia; halere, eta gerora Jesusek sendatu bazuen ere, badirudi hemen Jesus aurreratu zitzaiola, guri ere aurreratu dakigukeen bezalaxe, beti gutaz eta geure beharrez geuk baino gehiago jakinda.
Hemen pasartea, zuzen eta laburra izate aldera-edo, motz gera daiteke. Honelako norbere zabaltze eta bihotz-irekitzeak ez dira-eta egunetik biharrerako bat-bateko aldaketak. Norbere barne aldaketak, Espirituak lagunduta ere, egunean eguneko lan saiatu eta tematua eskatzen du-eta. Hori lortze aldera, behin eta berriz gure babes-oskolak apurtu beharko ditugu, gure sasi ziurtasun eta jainkotutako giza-gauzak bazter utzi beharko ditugu eta salmoak aitortutakoa entzun behingoz: “Amore eman ezazue! Aitor ezazue Jainkoa naizela!” (Sal 46, 10). Amore eman, eta zabal dezakegun isiltasunaren sakonak bidera gaitzala, altxaraz gaitzala Jesusengana, elbarri honen kasuan gertatu zen moduan.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments