HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 12
Aldi hartan, legenardun bat etorri zitzaion Jesusi, eta, belaunikaturik, hau esan zion: «Nahi baduzu, garbi nazakezu». Jesusek, errukiturik, eskua ezarri eta ukitu egin zuen, zera esanez: «Nahi dut; garbi geldi zaitez». Berehala alde egin zion legenak, eta garbi gelditu zen. Jesusek bidali egin zuen, zorrotz aginduz: «Kontuz gero! Ez esan inori ezer! Baina zoaz, agertu apaizarengana eta eskain ezazu zeure garbikuntzagatik Moisesek agindu zuena, ezaugarri izan dezaten». Hura, ordea, atera orduko, gertatua oihuka hots egiten eta zabaltzen hasi zen; eta harrezkero Jesus ez zitekeen agerian sar herrietan; eta inguruetan gelditu ohi zen, leku baztertuetan. Eta hala ere alde guztietatik zetozkion.
Markos 1, 40-45.
Aurreko eguneko irakurketan bezala, hemen ere, Jesusen, Berri Onaren, ahalmen sendagarria jartzen zaigu erakutsian.
Jesusekin bat egitetik segitzen den prozesu eraldatzaile zein sendagarriaren bi poloak ditugu ikusgai pasarte honetan: bateko, fedeak zabaltzen duen irrika zein bultzada eta besteko, horrek Jesusen Egiarekin bat egitearen ondorioz hartzen duen indar eraldatzailea.
Ebanjelioan ondo gogoan dugu odoljarioa zuen emakumearen pasartea; berorretan emakumeak zioen berekiko: “jantzia bederen ukituko banio, sendatuko naiz”. Hemen, aldiz, fedearen indarrak zuzen-zuzenean Jesusi, aurrez aurre, mintzatzera bultzatzen du, “nahi baduzu, garbi nazakezu” esanda. Fedearen erdiguneko bi dimentsio edo osagaiak ikus ditzakegu hemen:
-Konbentzimendua, uste sendoa, batetik, argi dauka-eta legenardunak Jesusek garbitzeko duen ahalmen edo gaitasuna, eta argi eta itzulingururik gabe aitortzen dio hori Jesusi.
-Eta apaltasuna, “buru makurtze” nolabaitekoa, bigarrenik. Erregu egiteko moldean bertan antzeman daiteke aipatu apaltasun keinu hori, Jesusi “nahi baduzu” adierazten dion aldetik. Nonbait-edo argi erakusten du legenardunak, bera horretarako duin ez dela, edota guztiz eta erabat horren hartzekodun ez delakoan dagoela, eta hortaz, azken erabakia Jesusengan uzten duela.
Fedea emankorra da, bizi-emailea da. Ebanjelioko “Eskatu eta emango zaizu” edota “bilatu eta aurkituko duzu”, hemen ezin argiago ikus ditzakegu. Jesusenganako fedeak jartzen gaitu jada sendatze-bidean. Fedeak bultzatzen gaitu Jesusengana, askotan erreparatu gabe aurrez Bera berori hurbildu zaigula, hain justu ere, gure baitan bultzagarri izan dugun fede hori aurrez Berak erein digun aldetik.
Senti dezagun gure fedean aipatu bi polo horiek nola diharduten: bateko, Jesusengana zer-nola hurbiltzen garen, zer sentitzen dugun, nondik abiatuta, zenbaterainoko konbentzimenduz… eta besteko, nola sentitzen dugun Berarekin egindako topaketa, hortik segitu behar den indar sendatzaile eta eraldatzailea zer nola sentitzen dugun.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments