HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 11

Aldi hartan, Jesus sinagogatik atera eta Simonen eta Andresen etxera joan zen, Santiagorekin eta Joanekin. Simonen amaginarreba ohean zegoen, sukarrez, eta berehala hartaz hitz egin zioten. Ondora joan zitzaion Jesus, eskutik heldu eta jaikiarazi egin zuen. Sukarrak alde egin zion eta zerbitzatzen hasi zitzaien. Arratsaldean, eguzkia sartu zenean, gaixo eta deabrudun guztiak zekarzkioten; eta herri guztia ate aurrean bildu zen. Hark asko sendatu zituen era guztietako gaitzetatik, eta deabru asko uxatu ere bai. Eta deabruei ez zien uzten hitz egiten, bai baitzekiten hura nor zen. Goizean goiz, oraindik ilun zegoela, jaiki zen, atera eta leku bakarti batera joan zen, eta otoitzean hasi han. Simon eta lagunak haren bila atera ziren; aurkitu zutenean, honela esan zioten: «Denak zure bila dituzu». Eta hark: «Goazen hemendik inguruko herrietara, han ere berriona hots egin dezadan; horretara etorria naiz-eta». Eta hala, Galilea guztian barna ibili ohi zen, sinagogetan berriona hots egiten eta deabruak uxatzen.

Markos 1, 29-39.

Pasarte honetan Jesusen presentzia sendagarria eta, gerora, beraz sentitu, ezagutu eta hots egingo duguna elkarri hertsiki lotuta daude. Hemen sendaketa fisikoaren zentzuan ikusten badugu ere, areago joan behar dugu eta bere esanahi sakonean ulertu.

Mirari, natur-mirari gisa, hor dago. Baina, bateratsu, Jesus nor den eta bere errukia noraino ailegatzen den agerian uzten duen seinale moduan ere ulertu behar dugu mirari hau, horrek berarekin dakarren esanahi sakonarekin:

-“Simonen amaginarreba oheratua zegoen sukarrez; berehala, hartaz hitz egin zioten”. Sarritan graziak dihardu gugan, berez eta itxurazko bitartekaritzarik gabe. Bestetzutan baina, gure beste gertukoen bidezko bitartekaritzaz dihardu graziak; gure gurasoak, gure aurretikoak, Jesusen jarraitzaileak izan zirelako izan gara gu geu ere Jesusen aurrera ekarriak (“hartaz hitz egin zioten”).

-“Oheratua zegoen sukarrez”, bere zentzu zabal zein iradokitzailean ulertu beharrekoa ere aitorpen hau. Honako honetan gaixotasun zehatz batek jota aurkezten zaio Jesusi Simonen amaginarreba, baina nork ez ditu bere arazoak, fisikoak zein psikikoak, objektiboak baina batez ere subjektiboak, norbere zama existentzial, biografikoak, baldintzatzen eta sarri askotan zamatu ere egiten gaituztenak. Gure arazo horiek, Jesusi aurkeztuak,  desagerraraziak agian ez, baina eraldatuak bai, esanahiz eraldatuak izango zaizkigu. Zer da otoitza, besteak beste, gure kezkak eta larriminak Jesusi aurkezten dizkioguneko, Berarekin partekatzen dituguneko gune intimo bat baino? Sendagarria berez.

Azalean eta motz-motz geratuko ginateke baldin eta Jesus, eta Berarengandik segitzen den Berri Ona, momentuko arazo bat konpondu edota osasun arazo bat sendatuko digun petrikilo baten formula magikotzat joko bagenu. Ez, hemen, mirari hau Berri Onaren ahalmen guztizkoaren seinale baino ez dugu. Berri Onak pertsonaren muinean hartzen du bere guztizko indarra. Horregatik hain justu ere, nahiz eta geratu ere geratu zen hainbat eta hainbat pertsona bere sendaketaren zain, bere bila zebiltzan horiek guztiak hain justu, Jesusek bere bideari ekin behar izan zion berriz, Berri Onaren zabaltze alderako bideari, ondo jakinda atzetik bere bila zituen horiek guztiek jada bazu-tela sendatze bidea hartuta. Izan ere, Berarenganako fede eta itxaropena dituen orok jada badu izan behar duen guztia. Zer gehiago lor edo itxaron dezake?

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude