HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 10

Iritsi zen Jesus Kafarnaumera, eta hurrengo larunbatean sinagogan sartu eta irakasten hasi zen. Harriturik zeuzkan denak bere irakaspenaz; itzal handiz irakasten bait-zuen eta ez lege-maisuek bezala. Sinagoga hartan gertatu zen, hain zuzen, deabru lohiak harturik zeukan gizon bat eta deiadarka esan zuen: «Jesus Nazaretarra, zer dugu ikustekorik Zurekin? Gu galtzeko etorri al zara? Badakit nor zaren: Jainkoaren Santua». Jesusek zorrotz agindu zion: «Zaude isilik eta atera zaitez gizon horrengandik!» Eta gizona astinduz eta orroka atera zen deabru likitsa. Denak harriturik gelditu ziren, eta honela zioten elkarri galdezka: «Zer dugu hau? Hau bai dela irakaspen berria eta itzal handiz emana gainera! Deabru likitsei ere agintzen die, eta hauek obeditu egiten diote!» Eta laster zabaldu zen haren izena bazter guztietara, Galilea osoan.

Markos 1, 21-28.

Jesusen hasierako parte hartze bat baino ez dugu honako hau. Bere ekintza sendatzaile ugari, bere prediku sakon baina aldi berean erlijiokeriaren aurkakoak eta, askoz ere larriagoa zena, Jainkoaren izenean hitz egitea eta bekatuak barkatze ekintzak gerora agertuz joango dira.

Hemen baina zabalduz joango den Jesusen ibilbide horren aurrekari batzuk ikus ditzakegu jada. Bere irakatsiek jada hasieratik sorrarazten zuten miresmena hor dugu. “Zer dugu hau?” galdetuko diote elkarri. Zera eman dezake, Berarengandik urrunago zegoen gaizkiak hartutako gizon hark hobeto zekiela nor izan ote zitekeen, “Jainkoaren Santua” deituko zion eta.

Testu honek hasiera ematen dio Jesus izango zen paradoxa hori aurkezteari. Jesus Jainkoaren Semetzat aitortuko dute askoz beranduago. Pasarte honetan baina, horren konbentzimendurako hastapeneko hasikinak baina ez ditugu. Hasiera-hasieratik, Jesus eta bere esanak ez ziren oharkabean pasa, horrela eta adore horrekin mintzo ahal izateko nor izango ote zen euren artean galdetzeko moduan.

Jainkoari buruzko ikuspegi filosofikoak, are erlijiosoak ere, zeharo ezdeus  eta baliogabe utziko dituen Jesusen aurkezpen txiki bat dugu honako hau. Gure artean, aurrez aurre, izango den Jainkoaren Semea ikus dezakegu pasarte honetan. Gure azken kezkez mintzo den erlijioaren muinean kokatuta Bera, asko, dena esateko edo zaharberritzeko,  gure arteko bat bilakatuko den Jainkoa dugu hau. Bakea helarazteko, sendatzeko edo barkatzeko etorri zaigu, bere hitz eta esku sendagarriez estutasunean harrapatutako gizon honekin egin zuen moduan.

Gure artean dago jada, Erreinua ere gure artean zegoela gerora esango zuen bezala. Gure artean dago, baina ez edonola. Ezin argiago ikus daiteke pasarte honetan, lehenengo urratsa emanda ere, hasieran dena zalantzak, jakin-mina eta galderak izango dela. Geuretik ere jarri beharko dugu, bere Izena, Galilea osoan barrena  nola, gurean ere, nor bakoitzarenean ere, zabal dadin.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude